Lanabes - Euskaraba - euskaraba
Banner home Lanabes

Lanabes bideoa
Gero eta enpresa gehiagok sartzen dute euskararen kudeaketa eguneroko zereginetan, bezeroekiko edo hornitzaileekiko harremanetan, hizkuntza-paisaian, bai barruan, bai kanpoan.
Proiektu honen bidez, Arabako esparru sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta entitateen sare bat ehundu nahi da.
Aplikazio habiaratuak
BAN Lanabes zerbitzu katalogoa
Lanabes zerbitzu katalogoa
Ikusi gehiagoBAN Eskuara
IZ Azken albisteak
Azken berriak
Eduki publikatzailea

Gaur goizean egin da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko bigarren lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eskaini du zerbitzu teknikoa.
Urteko bigarren foro honek Barne Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa. Saioari hasiera emateko, parte-hartzaileen familia-argazkia atera da eta, jarraian, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia den Maria Nanclaresek aurkezpen instituzionala egin du, euskarak erakundeen barneko kohesioan eta eguneroko lan-prozesuetan duen garrantzia azpimarratuz.
Inertziatik kontzientziara eta esperientzia praktikoak
Goizeko 09:15ean hasi da topaketa, harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarrera instituzionalaren ondoren, saioaren atal teoriko-praktikoari ekin zaio. Inertziatik kontzientziara izenburupean, Enbor Kontsultoreak-eko Aurkene Redondok hartu du hitza, barne komunikazioaren ikaste-prozesuaren eskailera eta ezagutzaren kudeaketa nola landu behar diren azaltzeko.
Jarraian, bertaratutako enpresek talde-laneko dinamika batean parte hartu dute. Bertan, entitateen arteko elkartrukeari esker, barne komunikazioaren “arkitektura eta arima” landu dituzte, gaur egungo egoerak aztertu eta urrats berriak emateko gakoak identifikatuz.
Saioak eredu errealak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman du. Oreka IT enpresako Ione Bahonek hartu du hitza, beren enpresako praktika egokiak partekatzeko eta barne-komunikazio tresnak euskaldundu eta kudeatzeko izan duten esperientzia propioa azaltzeko.
Laburpen grafikoa
Topaketa amaitzeko, Make It Visual-eko Aare Castillak goiz osoko lanaren eta ateratako ondorio nagusien laburpen grafikoa egin du, landutako kontzeptu guztiak modu bisual eta argian irudikatuz.
Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat
2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.
Deskargatu jardunaldiko aurkezpena.
Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako bigarrena izan da. Hirugarren eta azken foroa udazkenean izango da, irailaren 24an, eta bertan enpresetako hizkuntza gaitasuna.

Gaur goizean ospatu da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko.
2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.
Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa
Goizeko 09:15ean hasi da topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.
Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo-komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren aliantza beharrezkoa dela nabarmendu dute, baita, bestetik, administrazioaren lizitazioetan hizkuntzen kudeaketa egokia egitea ere.
Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.
Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman zaie parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz. Ikusi praktiken mapa.
Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat
2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban
Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.
Deskargatu jardunaldiko aurkezpen
Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.

Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, eta era honetan jarraipena emango diote euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Honako enpresa hauek batu dira Eskuara komunitatera: euskararen kudeaketan erreferente diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxe diren Zaraobe eta Eraiken, industrialak diren Amets SL eta Mekatxabir, eta Artomaña txakolina ekoizpena. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.
Gaur goizean egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. 2025ean egindako lanen berri eman dute bertan, eta 2026rako dituzten asmoen berri ere bai. Ekitaldia topa eginez amaitu dute, hain justu, proiektuaren kide egin den Artomaña txakolinarekin, eta Euskara Lukuak egitasmoan parte hartzen duten Arabako Errioxako upategietako ardoarekin.
Ekitaldian parte hartu dute Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak: Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza saileko diputatu Saray Zarate eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro ezin izan da bertaratu.
Saray Zarate Ekonomia Garapen eta Berrikuntza diputatuak, bere aldetik, euskarak enpresei eskaintzen dien balioa nabarmendu du, eta gehitu “balio hori modu praktikoan txertatzeko aukerak” daudela: “Eskuara horretarako tresna da, eta aldi berean komunitate bat, sare bat eta norabide partekatu bat. Euskararen erabilerak, garapen ekonomikoa eta lurraldearen kohesioa uztartzen ditu”. Eskerrak eman dizkie zerbitzuarekin bat egin duten enpresei, euren lanari esker Araba “erreferente” delako lan munduan euskara txertatzeko eredu propioa garatuz.
Maria Nanclares Euskara zinegotziak ere hartu du hitza, eta proiektuak zabaldutako aukera berriak nabarmendu ditu: “Euskararen erabilera areagotzeko aukera berri bat zabaldu zaigu, eta hortaz, Eskuararekin bat egin duten enpresei ongi-etorria eman nahiko genieke”.
Enpresen aurrerapausoak
Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua argia da: Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide (bik gaurko ekitaldian egin dute bat), eta era horretan, ikasleek lan-munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.
Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak.
Diagnostiko sinple baten bidez, enpresa bakoitzak bere aukerak eta beharrak identifikatu ditu. Enpresa askok hizkuntza politika propioa definitu dute, eguneroko lanean txertatzeko.
- Euskararen mapak egin eta Euskaraldian parte hartu dute.
- Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa abiatu da.
- Praktikaldiak eta langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira.
- Webguneak, sare sozialak eta bezeroentzako materialak euskaratu dira.
- Euskararen Eguna, Euskara Tratuak eta antzeko ekimenak zabaldu dira.
- Barne-komunikazioa, kartelak eta lan-ingurunea euskalduntzen ari dira.
Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu. Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu, eta neurri horren beharra azpimarratu du Gorka Martinek: “Gu euskara normalizaziorako arduradunak gara, hortaz, euskararen erabilera eta normalizazioa daukagu helburu. Ikasketak egin bitartean, badago nolabaiteko euskararen presentzia, baina lan mundura salto egitean, haustura ematen da sarri. Hori hasieratik ikasi eta ikusi behar dute ikasleek, lana ere euskaraz egin daitekeela, lana badela haientzat gehigarria, balio erantsia eta bereizgarria. Azken batean, ikastetxetik kanpo ere euskaraz lan eta bizi daitekeela”.
Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute, eta Edurne Ruiz de Agirre eta Mikel Knörrek esan dutenez, beharrezkoa izan da hori ondoren hartuko dituzten neurriak zehazteko: “Beharrezkotzat jo dugu langileen, erabiltzaileen eta familien hizkuntza-ezagutzari buruz galdetzea, askotan usteak eta errealitateak ez datozelako bat. Diagnostiko horretatik abiatuta, euskararen erabilera sustatzeko plan bat martxan jartzea ahalbidetzen du, errealitatera egokitua, neurrira egina eta eragile guztiekin adostua”.
Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, bakoitzak bere erritmoak dituelako. 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, eta komunitateko kideek bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie.
- Hizkuntza paisaia: bai ingurune fisikoan (tailerrak, bulegoak, ekitaldiak), bai ingurune digitalean (webguneak, sare sozialak…).
- Langileen eta enpresaren arteko harremana: barne-komunikazioa, harrera-planak, bilerak eta eguneroko harremanak.
- Ikasleen praktikaldia: pausoz pauso euskalduntzea, dokumentazioa, lankideekiko harremana eta instruktoreen rola indartuz.
- Euskara erabili nahi dutenen ahalduntzea: segurtasuna eta erraztasunak ematea.
- Bezeroarekiko arreta: euskarazko zerbitzua sendotzea, bereziki herrian bezeroak dituzten enpresetan.
Bestalde, martxoan abiatuko da 24. Korrika, eta Eskuarako aholkulariak gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.
IZ Helburuak
Helburuak
Objetivos

JARRAIPENA
Lanabes - Araba Euskara Lanean ekimenaren talde sustatzaileak egiten duen lanaren jarraipena eta hedapena.

SENTSIBILIZAZIOA
Sektore sozioekonomikoa euskararen erabileran sentsibilizatzea. Komunikazioa.

INPLIKAZIOA
Era guztietako entitate eta pertsonak inplikatzea Arabako sektore sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko.
IZ Talde eragilea
Talde eragilea
Promotores
SEA

Bere zerbitzu-eskaintzaren barruan, euskara sustatzeko ekintzak garatzen eta koordinatzen laguntzen du, enpresa-sektoreak hizkuntza-kudeaketan parte har dezan sustatzeko, berrikuntzaren eta aukeraren ardatz gisa.
ARABAKO GANBERA

Topalekua, enpresek behar duten informazioa, prestakuntza eta sustapena errazten duena. Bestalde, erakunde eta eragile batzuekiko osagarritasuna du. Etorkizuneko beharrak hautemateko lider proaktiboa da.
MONDRAGON KORPORAZIOA

Mondragon Taldeak enpresen artean traktore lana egin ohi du hala berrikuntzan nola lehiakortasunean. Euskararen sustapena bi ardatz horiekin batera garatzen dihardu Taldeak.
LANEKI

Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartea da, Lanbide Heziketan eta lan munduan euskara sustatzea helburu duena. Ildo horretatik, hainbat egitasmo ditu abian: Ikasmaterialen eta lanbide-arloetako hiztegi terminologikoaren sorkuntzarako programak,











