Eduki publikatzailea

Eskuara zerbitzua
Zazpi enpresa eta ikastetxe berrik euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute, eta Eskuara Zerbitzua baliatuko dute horretarako
2026-02-05

Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, eta era honetan jarraipena emango diote euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Honako enpresa hauek batu dira Eskuara komunitatera: euskararen kudeaketan erreferente diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxe diren Zaraobe eta Eraiken, industrialak diren Amets SL eta Mekatxabir, eta Artomaña txakolina ekoizpena. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.

 

Gaur goizean egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. 2025ean egindako lanen berri eman dute bertan, eta 2026rako dituzten asmoen berri ere bai. Ekitaldia topa eginez amaitu dute, hain justu, proiektuaren kide egin den Artomaña txakolinarekin, eta Euskara Lukuak egitasmoan parte hartzen duten Arabako Errioxako upategietako ardoarekin.

 

Ekitaldian parte hartu dute Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak: Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza saileko diputatu Saray Zarate eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro ezin izan da bertaratu.

 

Saray Zarate Ekonomia Garapen eta Berrikuntza diputatuak, bere aldetik, euskarak enpresei eskaintzen dien balioa nabarmendu du, eta gehitu “balio hori modu praktikoan txertatzeko aukerak” daudela: “Eskuara horretarako tresna da, eta aldi berean komunitate bat, sare bat eta norabide partekatu bat. Euskararen erabilerak, garapen ekonomikoa eta lurraldearen kohesioa uztartzen ditu”. Eskerrak eman dizkie zerbitzuarekin bat egin duten enpresei, euren lanari esker Araba “erreferente” delako lan munduan euskara txertatzeko eredu propioa garatuz.

 

Maria Nanclares Euskara zinegotziak ere hartu du hitza, eta proiektuak zabaldutako aukera berriak nabarmendu ditu: “Euskararen erabilera areagotzeko aukera berri bat zabaldu zaigu, eta hortaz, Eskuararekin bat egin duten enpresei ongi-etorria eman nahiko genieke”.

 

Enpresen aurrerapausoak

Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua argia da: Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide (bik gaurko ekitaldian egin dute bat), eta era horretan, ikasleek lan-munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.

 

Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak.
 

Diagnostiko sinple baten bidez, enpresa bakoitzak bere aukerak eta beharrak identifikatu ditu. Enpresa askok hizkuntza politika propioa definitu dute, eguneroko lanean txertatzeko.
 

  • Euskararen mapak egin eta Euskaraldian parte hartu dute.
  • Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa abiatu da.
  • Praktikaldiak eta langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira.
  • Webguneak, sare sozialak eta bezeroentzako materialak euskaratu dira.
  • Euskararen Eguna, Euskara Tratuak eta antzeko ekimenak zabaldu dira.
  • Barne-komunikazioa, kartelak eta lan-ingurunea euskalduntzen ari dira.

 

Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu. Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu, eta neurri horren beharra azpimarratu du Gorka Martinek: “Gu euskara normalizaziorako arduradunak gara, hortaz, euskararen erabilera eta normalizazioa daukagu helburu. Ikasketak egin bitartean, badago nolabaiteko euskararen presentzia, baina lan mundura salto egitean, haustura ematen da sarri. Hori hasieratik ikasi eta ikusi behar dute ikasleek, lana ere euskaraz egin daitekeela, lana badela haientzat gehigarria, balio erantsia eta bereizgarria. Azken batean, ikastetxetik kanpo ere euskaraz lan eta bizi daitekeela”.

 

Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute, eta Edurne Ruiz de Agirre eta Mikel Knörrek esan dutenez, beharrezkoa izan da hori ondoren hartuko dituzten neurriak zehazteko: “Beharrezkotzat jo dugu langileen, erabiltzaileen eta familien hizkuntza-ezagutzari buruz galdetzea, askotan usteak eta errealitateak ez datozelako bat. Diagnostiko horretatik abiatuta, euskararen erabilera sustatzeko plan bat martxan jartzea ahalbidetzen du, errealitatera egokitua, neurrira egina eta eragile guztiekin adostua”.

 

Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, bakoitzak bere erritmoak dituelako. 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, eta komunitateko kideek bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie.
 

  1. Hizkuntza paisaia: bai ingurune fisikoan (tailerrak, bulegoak, ekitaldiak), bai ingurune digitalean (webguneak, sare sozialak…).
  2. Langileen eta enpresaren arteko harremana: barne-komunikazioa, harrera-planak, bilerak eta eguneroko harremanak.
  3. Ikasleen praktikaldia: pausoz pauso euskalduntzea, dokumentazioa, lankideekiko harremana eta instruktoreen rola indartuz.
  4. Euskara erabili nahi dutenen ahalduntzea: segurtasuna eta erraztasunak ematea.
  5. Bezeroarekiko arreta: euskarazko zerbitzua sendotzea, bereziki herrian bezeroak dituzten enpresetan.

 

Bestalde, martxoan abiatuko da 24. Korrika, eta Eskuarako aholkulariak gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.