Sare sozialak

 

 Jarrai gaitzazu Twitter
 Facebook
 
Instagram 

IZ Berriak

Berriak

Eduki publikatzailea

2026-09-04
Euskara ikastaroak 2026-2027
Udalak eta Arabako Foru Aldundiak euskara ikastea erraztuko dute

Ikasturte berria hastearekin batera, Vitoria-Gasteizko Udalak euskara ikasteko prestakuntza-eskaintza aurkeztu du, herritarren profil desberdinei zuzenduta. Guztira, gurasoentzako, 55 urtetik gorakoentzako, atzerritarrentzako eta merkataritzako eta ostalaritzako langileentzako 732 plaza eskainiko dira. Eskolak euskaltegiek emango dituzte Arabako hiriburuko hainbat gunetan, hala nola gizarte-etxeetan, BIZAN sarean eta zenbait ikastetxetan. Ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek Herritarren Arretarako Bulegoetan egin ahal izango dute matrikula irailaren 7tik (astelehena) 16ra (asteazkena).

 

2026-2027 ikasturterako matrikulazio-kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Izaskun Arrue Kulturgunean egindako prentsaurrekoan, "Euskara arnasgune bihurtu" lelopean. Bertan izan dira María Nanclares Euskara zinegotzia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatua eta Imanol Miranda euskaltegien ordezkari eta IKAko zuzendaria. 

 

Nanclaresek Gasteizen euskararen ikaskuntzari dagokionez bizi izan den bilakaera azpimarratu du, izan ere, “80ko hamarkadan, gure hiriko euskaldunen ehunekoa % 3,5ekoa zen eta gaur egun % 30 ingurukoa da. 45 urtean hamar aldiz biderkatu da”.  Era berean, azaldu duenez, “ikastaro horiekin, Udalak euskara ikastea errazten jarraitzen du, eta eguneroko bizitzako profil eta esparru desberdinetara hurbiltzen. Erronka aurrera egiten jarraitzea da, gero eta pertsona gehiagok euskara beren egunerokoan txertatu ahal izan dezaten”. 

 

Udal-eskaintza

Aurten, aurreko ekitaldietan eskainitako lau ikastaro-modalitateei eutsiko zaie: 
 

  1. Gurasoentzako ikastaroak. Familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte eta, gainera, haien seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. HABEk homologatutako 166 orduko ikastaroak izango dira eta gizarte-etxeetan eskainiko dira, pertsona bakoitzaren etxetik gertu. Gainera, kontziliazioa errazten duten ordutegiak izango dituzte. 160,65 eurokoa da ikasturte osoko matrikula arruntaren prezioa. Matrikula murriztua 127,35 eurokoa da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean % 80ko asistentzia edo handiagoa izan zutenentzat. Langabetuen kasuan, gainera, % 15eko hobaria gehituko da.
  2. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Hizkuntza hutsetik ikasten hastea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak barneratzea ahalbidetzen du programak. Hamahiru ikastarotik lau BIZAN sareko zentroetan eskainiko dira (zehatzago esanda, hauetan: Abetxuku, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio). Ikastaroaren kostua 55,60 eurokoa izango da (90 ordu).
  3. Jatorri atzerritarra dutenentzako euskarazko ikastaroak (AISA). Ikasleek oinarrizko hiztegia ikasiko dute. Hiru talde eskainiko dira Montehemoso kulturunea, Landatxo gizarte-etxean eta Landazuri kiroldegian. Horren helburua da pertsona horiek, ikastaroa egin ostean, hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izatea. Matrikularen prezioa 10,35 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).
  4. Merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenentzako ikastaroak. Ahoz komunikatzen eta euren establezimendurako informazio idatzia prestatzen ikasiko dute, hala nola errotuluak, eskaintzak eta oharrak, beste batzuen artean. Hasierako maila eta haien eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzako beste ikastaro bat eskainiko dira. Matrikula 51,35 eurokoa izango da (60 ordu/lauhilekoa). Gainera, gaur egun langabezia-egoeran egonez gero, % 15eko hobaria aplikatu ahal izango da.


Ikastaroak antolatzeaz gain, euskara ikastea sustatzeko laguntza ekonomikoak ere eskaintzen ditu Udalak. Aurten, helburu horretara bideratutako kontu-saila 150.000 eurokoa izango da eta 564 eskaera jaso dira.

 

Arabako Foru Aldundiaren laguntzak

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu ikasturte honetan helduei euskara ikastea errazteko, HABEk homologatutako Arabako eta Trebiñuko enklabeko euskaltegietako matrikularen prezioa murrizteko laguntzen bidez. Laguntzen zenbatekoa, ikastaroaren iraupenaren eta modalitatearen arabera, 60 eta 330 euro artekoa izango da, eta 190 ordu edo gehiagoko autoikaskuntza moduluetarako laguntzak ere jasotzen dira. 

 

Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatuak azpimarratu duenez, «Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu helduei euskara ikastea errazteko. Euskara ikasteko urratsa ematea erabakitzen duenarentzat prezioa oztopo izan ez dadin nahi dugu».

 

Gurtubaik nabarmendu du, halaber, izapideak ikasleentzat ahalik eta errazenak izatea bilatu dela. Eskaera matrikularekin batera egiten da, eta euskaltegiak zuzenean aplikatzen dio dagokion deskontua matrikularen prezioari. 

 

Laguntzak 2026an 18 urte betetzen dituzten edo adin nagusikoak diren pertsonei zuzenduta daude, betiere Araban edo Trebiñuko enklabean erroldatuta badaude eta deialdian jasotako mailetako batean matrikulatzen badira. Eskaerak egiteko epea irailaren 30ean amaituko da

 

Ikusi gehiago
2026-06-12
2026ko udako aisialdi ekintzetako hezitzaileentzako formazioa Araban
2026ko udako aisialdi ekintzetako hezitzaileentzako formazioa Araban

Urtero bezala, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Euskara Zerbitzuen sareak formazio saioak prestatu ditu uda honetan aisialdi ekintzetan arituko diren hezitzaile eta begiraleentzako.

 

Saio hauen helburua da hezitzaileei aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzearen garrantzia helaraztea, horretarako erabili ohi ditugun estrategiak azaltzea eta erabili ahal ditugun ekintzak eta jarduerak partekatzea. Saio arinak eta eraginkorrak izango dira.

 

Arabako Kuadrilletan aukera egongo da udako aisialdi-jardueretan euskararen sozializazioa nola landu ikasteko. Bertako begiraleei zuzenduta, hainbat formazio-saio antolatu dira, lurralde osoan zehar. Hona hemen egutegia:

 

DATA ASTEGUNA ORDUA LEKUA HARREMANETARAKO / IZENA EMATEKO
Ekainak 12 Ostirala 17:00 Kanpezuko Kultura Etxean euskara@arabakomendialdea.eus
Ekainak 16 Asteartea 18:00 Luiaondoko Sozial Aretoan euskara@aiaraldea.org
Ekainak 23 Asteazkena 15:00 Kuadrillaren egoitzan, Laguardian criojaalavesa.euskara@ayto.araba.eus
Ekainak 25 Osteguna 17:30 Zigoitiko Kultura Etxean euskara@gorbeialdea.eus
Ekainak 26 Ostirala 18:00 Aguraingo Udaletxean euskarazerbitzua.agurain@gmail.com
Ekainak 30 Asteartea 18:00 Amurrioko Mendiko Eskolan bmendiguren@amurrio.eus

 

Saioen gaineko informazio gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan Kuadrilla bakoitzeko euskara zerbitzuarekin

 

Gasteizko Udalak ere antolatzen ditu saioak

Ikusi gehiago
2026-05-20
Enpresen Foroa: barne komunikazioa ardatz urteko bigarren lan-saioan
Enpresen Foroa: barne komunikazioa ardatz urteko bigarren lan-saioan

Gaur goizean egin da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko bigarren lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eskaini du zerbitzu teknikoa.

 

Urteko bigarren foro honek Barne Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa. Saioari hasiera emateko, parte-hartzaileen familia-argazkia atera da eta, jarraian, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia den Maria Nanclaresek aurkezpen instituzionala egin du, euskarak erakundeen barneko kohesioan eta eguneroko lan-prozesuetan duen garrantzia azpimarratuz.

 

 

Inertziatik kontzientziara eta esperientzia praktikoak

Goizeko 09:15ean hasi da topaketa, harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarrera instituzionalaren ondoren, saioaren atal teoriko-praktikoari ekin zaio. Inertziatik kontzientziara izenburupean, Enbor Kontsultoreak-eko Aurkene Redondok hartu du hitza, barne komunikazioaren ikaste-prozesuaren eskailera eta ezagutzaren kudeaketa nola landu behar diren azaltzeko.

 


Jarraian, bertaratutako enpresek talde-laneko dinamika batean parte hartu dute. Bertan, entitateen arteko elkartrukeari esker, barne komunikazioaren “arkitektura eta arima” landu dituzte, gaur egungo egoerak aztertu eta urrats berriak emateko gakoak identifikatuz.

Saioak eredu errealak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman du. Oreka IT enpresako Ione Bahonek hartu du hitza, beren enpresako praktika egokiak partekatzeko eta barne-komunikazio tresnak euskaldundu eta kudeatzeko izan duten esperientzia propioa azaltzeko.

 


Laburpen grafikoa

Topaketa amaitzeko, Make It Visual-eko Aare Castillak goiz osoko lanaren eta ateratako ondorio nagusien laburpen grafikoa egin du, landutako kontzeptu guztiak modu bisual eta argian irudikatuz.

Deskargatu laburpen grafikoa

 

Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat

2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

Deskargatu jardunaldiko aurkezpena.

 

Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako bigarrena izan da. Hirugarren eta azken foroa udazkenean izango da, irailaren 24an, eta bertan enpresetako hizkuntza gaitasuna.

Ikusi gehiago
2026-05-06
Henrike Knörr Sariak 2026
Henrike Knörr Sariak 2026

Gaur argitaratu da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2026ko sarien deialdia.

 

Araban euskararen erabilera ikertzen duten lanak sustatzeko eta bultzatzeko sariak dira.

 

Edozein jakintza alorretik egin daiteke ikerketa.
 

Informazio gehiago
 
Eskaera aurkeztea
 
Epearen amaiera: 2026ko azaroaren 13a.
Henrike Knörr Sariak 2026
2026-04-22
Euskararen Biziberritzea Araban, Arabaz, Arabatik eta arabarrentzat sortutako egitasmoa
"Euskararen Biziberritzea Araban", Arabatik eta arabarrentzat sortutako egitasmoa

Atzo, Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) egitasmoaren jendaurreko aurkezpena hartu zuen Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzak. Arabako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, azken 60 urteotan Araban gertatu den euskararen biziberritzearen nondik norakoak jasotzen ditu proiektuak.

 

Aurkezpenean parte hartu zuten Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak; Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiko Arabako ordezkariak; Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazleak eta Irati Iciar Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko zuzendariak.

 

Zer jasotzen du EBAk? Hainbat lekuko esanguratsuren kontakizuna, eta, horrez gain, garaian garaiko dokumentazioa eta agiriekin datu base bat ere sortzen ari da. Bestalde, Iñaki Iurrebasok Arabaren egoerari eta bilakaerari buruzko datu demolinguistikoekin beren-beregi landutako atal bat sortu da.

 

Ikusi EBAgunea
 

 

 
 

Ikusi gehiago
2026-04-13
Gazte sortzaileak 2026
Gazte Sortzaileak: euskarazko kultur-proiektuak sortzeko beka - 2026ko deialdia

Kultur-proiektuak euskaraz sortzeko beka-deialdia da, Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek, Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin sortutakoa.
 

  • Norentzat: 16 eta 35 urte bitarteko gazteak.
  • Saria: 4.000 eurora arte eta aholkularitza profesionala.
  • Epea: 2026ko ekainaren 30a.


Bi kategoria daude:

  • 1. kategoria: 16-24 urte bitartekoak
  • 2. kategoria: 25-35 urte bitartekoak
     

 

Informazio gehiago

 

 

 
 

Ikusi gehiago
2026-03-12
Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako zozketa 2026
Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako 50 sarrera zozketatzen ditu Foru Aldundiak

Arabako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartuko da eta finala martxoaren 28an izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan (1.400 pertsonentzako edukiera du).

 

Txapelketak jokatua ditu lehen faseak (Oionen, Laudion eta Izarran). Finalaurrekoak Dulantzi (martxoaren 7an) eta Aramaion (martxoaren 14an) izango dira. Finala, berriz, Gasteizen izango da.

 

Finalerako sarrera motak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus webgunean (18 urtetik aurrerakoek 22 euro sarrera bakoitza; bazkideek: 18 euro; 18 urtetik beherakoek 12 euro sarrera bakoitza).

 

Arabako Foru Aldundiak bertsolaritza sustatu asmoz, finalerako 22 euroko 50 sarrera zozketatzen ditu.  
 

ZOZKETAREN IRABAZLEAK
 
Akats bat izan da 25. lerroan, egin klik irabazlea zein den jakiteko.
Ikusi gehiago

Eduki publikatzailea

BAN Gure podcastak