Lazarraga sariak 2020 - euskaraba
Lazarraga sariak 2020

Lazarraga sariak 2020
Lehiakortasunerako giltzarri dute euskara Lazarraga Saria jaso duten enpresek
ARTgia Sorgune Aretoa, ASASAM elkartea, Uriarte Industrial, Museo del Órgano jatetxe begetarianoa eta Bertako Igogailuak saritu dituzte.
Koronabirusaren pandemiak hala behartuta, pantailaz bestalde jarraitu behar izan dugu Lazarraga Sarien seigarren edizioaren sari banaketa ekitaldia. ARTgia Sorgune Aretoak, ASASAM elkarteak, Uriarte Industrialek, Museo del Órgano jatetxe begetarianoak eta Bertako Igogailuek jaso dituzte 2020ko Lazarraga Sariak, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa.
Ekitaldia galdu baduzu, hemen ikus dezakezu osorik.
Edurne Begiristain Berria-ko kazetariak aurkeztu du ekitaldia eta bertan izan dira, saridunekin batera, Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria.
Garapen iraunkorrerako giltzarri
Rober Gutierrezek aipatu duenez, euskara “garapen iraunkorrerako giltzarria” da eta “giltzarri bezala garatu behar dute administrazioak eta enpresek, are gehiago zalantzaz beteriko oraingo egoera honetan”. Azpimarratu du, gaurko sarituek “lehiakortasunerako giltzarri” dutela euskara.
Lexuri Ugartek adierazi du “atzera urratsik egin ez duten pertsona eta entitateak” direla Lazarraga Saria jaso dutenak. Gaineratu du “aberastasunaren ikur” direla saridunak lurraldeko beste askorentzat.
- Artgia Sorgune Aretoa
- ASASAM elkartea
- Uriarte Industrial
- Museo del Órgano jatetxe begetarianoa
- Bertako Igogailuak