Zer egin dezaket nik euskararen alde?

Zure ekarpena beharrezkoa da.

Gizartearen adostasunari esker hizkuntza-elkarbizitza gizarte-elkarbizitzaren osagai egin dugu, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen berdintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztion aukera berdintasunaren oinarrian jarri ditugu.

Hala ere, gaur egun, oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude. Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute. Horregatik, urratsak ematen jarraitu nahi dugu.

Euskararen Nazioarteko Eguna egun pozgarria da euskaldunontzat, euskara indarberritzeko eguna, eta haren aldeko adierazpen publikoa kaleratzeko eguna ere bai. Aurtengo adierazpenaren oinarrian galdera bat dago: “zer egin dezaket nik euskararen alde?”; gainera, jauzi kualitatiboa eman nahi izan dugu oraingo honetan, eta horretarako, euskal gizartearen ordezkaritza zabala gonbidatu nahi dugu adierazpen horrekin bat egitera: administrazioak, unibertsitateak, alderdi politikoak, enpresa elkargoak, enpresariak, sindikatuak, merkatal guneak, garraio publikoa, finantza entitateak, kultur eragileak, kirol taldeak, euskaltegiak, hedabideak, euskara elkarteak, euskalgintza soziala…

Adierazpen horrek Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ezberdinen atxikimendua nahi du lortu; alde horretik, irekia da: denok eroso sentitzeko modukoa. Zuregana jotzen dugu zure konpromisoa berrestea euskararen sustapenarekin, adierazpena gurekin batera sinatuz.

Euskararen nazioarteko egunaren adierazpena