Korrika pasa ala ez pasa, egitarau zabala antolatu ohi dute; aurten ere.
AEK-k antolatutako 18.KORRIKA Arabako Errioxatik pasako ez zela jakin zelarik, euskararen aldarrikapenerako ekintza moduan antolatu genuen 2013an gure eskualdean aurreneko Vianako eta Arabako Errioxako Korrika, martxoak 23 batean izan zen.
Lan ikaragarria suposatu zuen; ezerezetik dortsalak diseinatu, ibilbide-orduak zehaztu eta laguntzaileak bilatu, baita ondorengo jaialdi guztia antolatu beharra ere. Gastuetarako dirua banatutako zenbait itsulapiko eta espreski irekitako kontu korronte baten bidez lortu zen.
Helburu bikoitza lortu genuen: euskara sustatzea Arabako Errioxa osoan eta Vianan egitasmo bakarrean lan eginez, eta eskualdean eragile izango ziren lantaldeak (gizarte eragile, erakunde zein banakoak) nolabait saretzea.
Bastida eta Vianatik ateratzen ziren bi zutabetan antolatuta, Arabako Errioxako herri guztiak zeharkatuz Ziekoraino joan ginen giro alaian Korrika ondorengo jaia bertan ospatzeko. Manifestua irakurri eta festa hasi zen: Txandrio Arabako Errioxako Bertso eskola, dantzariak, trikitilariak, aizkolariak, harri-jasotzaileak, “Punta Ara2” eta “En Tol Sarmiento” musika taldeen kontzertuekin.
2017ko edizioa, Viana eta Arabako Errioxako Korrikaren bigarrena, apirilaren 1ean egin zen. Berriz ere bi muturretatik abiatu zen, Bastidatik bat eta Vianatik bestea. Biasterin bat egin, Zieko zeharkatu eta Lapuebla Labarkan amaiera eta ondorengo jaialdia, adin guztietarako egitaraua osatuta.
Aurreko edizioarekiko aurrerapenak egon ziren, herri bakoitzetik joandako ordezkariekin prestaketarako bilera guztiak euskara hutsean egin zirelako. Eta aurreko eskarmentua zegoenez, gauzak hobeto joan ziren. Korrika egunean bertan eta aurretik, herri ezberdinetan, ekimen bereziak eta aproposak antolatu genituen. Berezko leloa bilatu genion, “DENOK” oso ondo adierazten baitzuen Viana eta Arabako Errioxako Korrikaren filosofia: DENOK eman ditzakegu urrats txikiak euskararen alde, tipi-tapa bidea eginez, euskarak DENOK behar gaitu eta.
“Ardoaren” lurraldea “euskararen” lurraldea bilakatu zen. Mahastien artean bizi garen biztanleok emozio eta sentimendu osoz jarri genuen euskara denon ahotan edizio arrakastatsu horretan, bai giroz bai bildu ginen jendetzari begira. Antolaketa, laguntzaile, boluntario eta euskaltzaleen parte hartzea ez zen makala izan.
Aurtengo, pandemia eta ondorengo 22.Korrika hau, berriz ere, ez da gure eskualdetik pasatzen, espero dezagun pasatzen ez den azkena izatea. Hortaz, beste behin ere Viana eta Arabako Errioxako Korrika antolatzea baino ez zaigu geratu. Oraingoan, ordea, Korrika ofizialaren antolakuntzaren “babespean” ari gara, nolabait esateko. Izan ere, materiala eta baliabide gehiago jarri eta jarriko dituzte gure esku. Pasa den urteko abenduaz geroztik gabiltza eurekin harremanetan eta gure antolaketa lanetan.
Apirilak 8an korrika txikiak izango ditugu Bastidan, Biasterin, Lapueblan, Lantziegon eta Oionen, eta , hurrengo egunean, 9an, 3. edizio honetako bi zutabeek, Bastida eta Viana izango dituzte abiapuntu, Biasterin elkartuko gara eta bertan izango dugu ospatzeko aukera zabala: herri-kirol partehartzaileak, haurrentzako tailerrak, Iruleko trikitilariak, “Dupla”, txosna eta musika: “Astoratuak”, “Azken hatsa” eta “E, Mertxe” bertako musika-taldeekin.
Bagaude grina bizian… Korrikaren alde egiteko, eskualdeko helduen euskalduntzea babesteko eta herrietako plazak, eskolak, kaleak eta errepideak giro euskaldun alaiez janzteko gogoz, azken batean, euskararen alde egiteko irrikaz.
Hitzek egiten dute hizkuntza eta ekintzek egiten dituzte herriak. Hitzetatik ekintzetarako jauzia behar du euskarak gure eskualdean ere bai !!! Animatu eta parte hartu euskararen aldeko Viana eta Arabako Errioxako Korrikan!
Arabako Errioxako Euskara Zerbitzua