
Azaroan merkataritza gunearen hizkuntza erabilerari buruzko diagnostikoa egingo da.
Gasteizko Udalak eta El Boulevardek hitzarmen bat sinatu dute Arabako hiriburuan eta merkataritza-gunean euskararen erabilera sustatzeko lankidetza eta konpromisoa sendotzeko.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Amaia Castillo El Boulevardeko gerenteak akordioa sinatu dute gaur goizean, eta horri esker urtero hizkuntza sustatzeko hainbat ekintza egingo dira. Gasteizko Udalak eta merkataritza-eremuak horrelako
hitzarmen bat sinatzen duten lehen aldia da.
“Eremu sozioekonomikoa euskara sustatzeko politiken erdian dago momentuan. Euskal erakundeok oso argi daukagu enpresa eta dendetan euskalduntze prozesua bultatzea funtsezkoa dela”, esan du Gorka Urtaran alkateak. El Boulevard-eko gerente Amaia Castillok asmo bera erakutsi du: “El Boulevardetik aspaldi ari gara euskararen erabileraren aldeko apustua egiten eta gaur pauso garrantzitsu bat eman dugu. Euskararen normalizaziora bidea egin nahi dugu eta gaur sinatzen den lankidetza aro berria bide ona dela uste dugu. Gure hiriaren eta gure merkatal eremura gerturatzen diren pertsonen aldeko lankidetza egingo dugu Udalarekin”.
Akordio horrek hainbat emaitza ekarriko ditu epe laburrean: Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak hasi ditu El Boulevard-eko hizkuntza-egoerari buruzko diagnostikoa egiteko lanak, merkataritza-guneko langileek euskara-eskoletan izena emateko aukera eskainiko da, merkataritza-eremuak Euskaraldiaren gisako ekintzatan lagunduko du eta komunikazio-kanpainak zabalduko dira.
Lehenengo lana, hizkuntza-diagnostikoarena, laster hasiko da; eta El Boulevardeko langileei, saltokiei eta bezeroei egindako inkestetan oinarrituko da. Informazioa jasotzeko lana urritik abendura bitartean egingo da. Horri esker jakingo da zein
den euskararen abiapuntua merkataritza-gune horretan, Gasteizko handienetakoa den honetan.
Bestalde, El Boulevardek modu aktiboan parte hartuko du 2022ko Euskaraldian. Eta horren baitan hainbat kultura ekitaldi antolatu ditu: urriaren 8an Tor Magoaren emanaldia izango da 18.30etan Nodal plazan; eta azaroaren 5ean Potx eta Lotx
pailazoak arituko dira.