“Trebiñuko ekialdeko eta Arabako Mendialdeko leku askotan gaur egungo toponimoen %30 eta  % 50 bitartean euskal toponimoak dira.”

Andoni Llosa Ozaita (1970) Trebiñuko natura eta basa bizitza herritarren begietan jarri eta haiengandik hurbil mantentzea helburu duen Fauneando izeneko proiektuaren buru da egun. Arabako Mendialdeko eta Trebiñuko Euskara Teknikari gisa aritu izan zen urte batzuetan zehar eta bertako toponimiaren inguruko zenbait lan ere argitaratu zituen. Egun, Trebiñuko Konderriko IBITA institutuko kide ere bada, baina gaurkoan, duela hainbat urte osatua izan zen arren, 2017an argitaratu den “Palabras y topónimos de origen vasco en el municipio de Lagrán” liburuaren harira hainbat galdera egin dizkiogu. Irailaren 23an, Lagran herrian bertan, liburuaren aurkezpena, hitzaldia eta ibilbide toponimikoaz gozatzeko aukera izango dugu.

1.- Nola sortu zen Lagrango toponimia biltzeko ideia?

Betidanik gustatu izan zaidan esparrua da. Familia daukat oso hurbil, Obekurin hain zuzen ere, eta txikitatik oso erne izan naiz beti haien hitz eta toponimoak batu nahirik. Arabako Mendialdeko toponimoak eta tokiko berbak batzen izugarri gozatzen dut. Eta eguneroko bizitzan erabiltzen ditut.

2.- Zer ekarpen dakar egun euskalduna ez den, baina iraganeko euskararen aztarnak dituen herri bateko toponimia berreskuratzeak?

Ekarpena, nire ustez, alor anitzetan sustraitzen da; batetik, bertoko adineko jendea (euskaraz ez dakitenak)  haien arbasoen euskal izaeraz jabetzen laguntzea. Ildo horretatik, helburu etnografiko edo historikoa dago. Bestetik, berriz, gazteek eta umeek –euskaraz jakin arren, agure-atsoek ez bezala- bertako zenbait hitz eta mendiko eta soroetako hainbat izen jakiten laguntzea. Helburu pedagokikoa, akaso, nostalgia apur batekin. Eta beste zeregin batzuk ere betetzen dituela pentsatu nahi nuke…

3.- Zenbat denbora eman zenuen bilketa, ikerketa eta edizio lanean?

Nahiko denbora eman nuen baina orain ez nezake esan zehazki zenbat. Edozelan ere, garrantzitsuena kalean ikustea da eta bertakoek aprobetxatu ahal izatea, batez ere.

5.- Zergatik Lagran?

Euskaltasunaren gaiarekin Lagranek sasoi hartan oso irudi garbia erakusten zuelako: euskaraz ez zekiten agure eta atso pilo, haien burua euskaratik erabat kanpo ikusten zutenak, baina eguneroko bizitzan oraindik ere euskal hitz eta toponimo asko erabiltzen zituztenak.

6.- Lan handia eman dizue jatorrizko izenetara heltzeak?

Kasu batzuetan erraza da, garbia, begibistakoa. Beste batzuetan dokumentazio zaharrera jo behar duzu eta hala ere zaila izan daiteke. Eta beste hainbatetan, tamalez, ezin dugu jakin toponimo baten jatorri eta esangura, euskal kutsu garbia izan arren.

7.- Adibide batzuk jar zenitzake?

Bai, nola ez. Lehenengo taldean “Artamendia” esango nuke, arteek osatutako mendia. “Antuspia” toponimoaren kasuan, ostera, oso gaitza da bere esangura jakitea, nahiz eta euskal antz handia duen edo, behintzat, gaztelerarekin oso antz txikia.

8.- Trebiñu eta Mendialdean noraino iristen da euskararen presentzia toponimoetan?

Aldakorra da zonaldeka. Trebiñuko Konderriko mendebaldean eta Argantzunen oso urriak dira euskal toponimoak, euskara askoz lehenago galdu baitzen bertan. Konderriko ekialdeko gune menditsuetan eta Arabako Mendialdeko leku askotan gaur egungo toponimoen %30 eta  % 50 bitartean euskal toponimoak dira.

9.- Orokorrean, zein da gizartearentzat toponimiak duen interesa?

Interes puntuak ugariak izan daitezke, horregatik zenbait zoro txunditzen gaitu toponimiak. Nik azpimarratuko nituzke bi, bata linguistikoa eta bestea historikoa. Toponimoek erakusten dizkigute duela mende batzuk zuhaitz eta animaliak aipatzeko erabili zituzten izenak. Eta, horrez gain, toponimoen bidez jakin dezakegu eremu edo paraje jakin batek bizi izan duen aldaketa. Adibidez, gaur egun garisoroa baldin badago baina bere izena “Artatza” baldin bada, argi eta garbi dago gariaren aurretik zer zuhaitz bizi zen hor.

10.- Zein izango da irailaren 23ko programa? Ekintzak?

Gauza xume baina beroa eta hurbila egin nahi dut: Lagrango lantxo hau egiteko arrazoiak, toponimo eta berba batzuk azaldu, galderak erantzun eta zenbait toponimo tokian bertan komentatzeko paseo bat egin.