TOPARABA: Arabako euskarazko sormenarentzat, leku bat

Oihaneder Euskararen Etxeak sortu zenetik heldu dio euskarazko kulturgintzari eta sormenari. Arabako euskarazko kulturgileentzat plaza finko bat eskaini du azken urteotan. Orain, TOPARABA jarri du martxan: Arabako euskarazko sormen esparrua sustatzeko egitasmoa. Horrela, plazatik hausnarketa-gunera pasako da Oihaneder.
Otsailaren 27an du abiapuntua egitasmoak, egun horretan egingo den topaketarekin. Hitzordu bikoitza izango da: goizean, Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain eta Amançay Gaztañagaren parte hartzearekin, diziplinartekotasunari eta sormen-prozesuei buruz aritzeko aukera egongo da. Arratsaldean, sortzaileek laborategi batean hartuko dute parte, diziplinarteko proiektu bat sortzeko helburuarekin.

Abiapuntua duenak, ondorengo bidea ere izaten du normalean. Otsailaren 27ko topaketaren ondoren etorriko dira diziplinarteko proiektuak diruz laguntzeko deialdia, proiektu horien sormen-prozesua, eta abar. Informazio guztia hemen klik eginda jaso dezakezue.