Salgai ‘Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburua, Arabako euskarazko irakaskuntzaren hastapenak dokumentatzen dituena. Miel A. Elustondok idatzitako lanak 120 orrialde ditu eta kolorezko argazkiak ere bai. Bestalde, Josemari Velez de Mendizabalen  ‘Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana taularatuko da Gasteizen datorren otsailaren 16an. Azken 100 urteotako euskal gizartearen ikuspegi ezohikoa da. Zinez ikusgarria.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarrekin argitaratu dute Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburua, Miel A. Elustondok idatzia. Liburua Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu zen urtarrilean. Bertan, Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatua aritu zen hizlari. Liburu honen bidez, omenaldi egin nahi izan zaie, batetik, XX. mendearen hasieran euskaraz eskolaratzea sustatu zutenei eta, bestetik, Gasteizko lehenengo andereñotzat jotzen denari. Aldi berean, Arrue Gasteiz eta Arabaren euskalduntzea sustatzen hasi zeneko garaia ere aztertzen du argitalpenak.

Hain zuzen ere, 1963 abenduaren 4an hasi zen Izaskun Arrue euskaraz eskolak ematen ume talde txiki bati, bere etxean bertan (Zerkabarren kaleko 9.ean). Erregistroen arabera, garai hartan Gasteizen euskararen alde egindako lehen jardueretako bat izan zen hori, eta hirian zein lurraldean euskara berreskuratzeko mugimenduaren hazietako bat. Gerra aurretik euskara ikasten hasi ziren pertsonen garrantzia ahaztu gabe, jakina. Haien seme-alabak izan ziren Arrueren lehen ikasleak, hain zuzen.

Izaskun Arrueren figura abiapuntutzat hartuta, azken hamarkadetan Arabako eta Gasteizko euskararen historia laburtzen du egileak. Hainbat protagonistaren berri ematen du: Pilar Landaburu, Andoni Perez Cuadrado, Isabel López de Uralde, Pedro Anitua, Ramón Narbaiza, Peli Romarategi, Andoni Urrestarazu, Peli Presa, Peli Martin, Juan Enekotegi, Jose Antonio Arriola, Terese Urrestarazu, Rafa Etxegarai, Felix Razkin, Pako Eizagirre, Jose Maria Allur, Pruden Sudupe, Eusebio Osa, Odon Apraiz, Henrike Knörr, Kepa Grajales, Manu Ruiz Urrestarazu…  baita zenbait proiektu eta lekuren berri ere: Errepublikako ikastola, Ramiro de Maeztu, apaizgaitegia, Estibalizko santutegia, Jesus Obrero…

Gasteizko lehenengo andereño gisa ezaguna izan arren, Izaskun Arruek beti azpimarratzen zuen ikasleen gurasoen ahalegina. Arrue hil zenean, 2016an, sortu zen liburua argitaratzeko ideia, eta orduan hasi zen egilea haren istorioak aztertzen. 12 euroan jarriko da salgai liburu-dendetan.

Josemari Velez de Mendizabalen  ‘Hamaika amaren seme (alaba)’ antzerkia otsailean Gasteizen.

Bestetik, Josemari Velez de Mendizabalen  ‘Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana taularatuko da Gasteizen datorren otsailaren 16an (19:30). Azken 100 urteotako euskal gizartearen ikuspegi ezohikoa da, Euskal Herriaren bilakaera historikoa aurkezten baitigu, 2018an mende osoa betetzen duen Eusko Ikaskuntzaren bizitzan barreneko ibilbide paralelotik.

Era berean, aukerarako konposatua eta garaian garaiko musika esanguratsua gehitu zaio obra idatziari zenbait eszenatan, ikuslea mugarri ezagunetara eraman nahian. Hemen eskuorria.