Neus Mestres (Plataforma per la Llengua): “Munduari egiten diogun ekarpena geure hizkuntzak erabiltzen jarraitzea dela erabaki dugu, eta hori berri ona da denontzat”

Plataforma per la Llengua erakundearen zuzendaria da Neus Mestres. Orain hilabete eta erdi jaso genuen bere bisita, Gasteizko udalak antolatutako Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketan (HIGA). Bertan, Óscar-Adriá Ibáñezekin batera, “Hizkuntzen biziberritzea baikortasunetik etorriko da, edo ez da etorriko” izenburudun hitzaldia eman zuen. Aukera baliatu genuen galde batzuk egiteko, eta elkarrizketa osoa dakargu orain Euskarabara: biziberritzeaz, baikortasunaz, gazteriaz, edo Plataforma per la Llenguan egiten duten lanaz, besteak beste.

 

Zuen hitzaldiaren tituluak (“Hizkuntzen biziberritzea baikortasunetik etorriko da, edo ez da etorriko”), esan dezakegu jarrera estrategiko bat iradokitzen duela. Hizkuntzen biziberritzearen esparruan, ikuspegi baikorren falta nabaritzen duzue?

Biziberritze-prozesuak nahiko berriak dira, eta denak datoz hizkuntzaren erabileraren atzerakada eta ordezkapen linguistikoa nagusi diren garai batetik. Beraz, normala da, gutxitutako hizkuntzetako hiztun askok, hizkuntzaren biziberritze-lana oso zaila dela sentitzea. Hala ere, badakigu ez gaudela bakarrik, eta asko garela gure hizkuntzak besteak bezain duinak direla erabaki dugun hiztun-komunitateak. Munduari egiten diogun ekarpena hizkuntza horiek erabiltzen jarraitzea dela erabaki dugu, eta hori berri ona da denontzat. Katalanaren (eta beste hizkuntza askoren) kasuan, badakigu hiztun askok ez dituztela hizkuntzaren indargune pila bat  ezagutzen: adibidez, mundu digitalean duen presentzia, edo mundu osoan katalana irakasten den unibertsitate-kopurua. Gutxietsi egiten gaituzte, eta horrek, noski, ez digu laguntzen. Baina hor dator zati estrategikoa. Zeinek du indarra kausa galdu batean izena emateko? Hori utzi, eta erabil ditzagun gure indarguneak: Zeinek pentsatuko zuen, XXI. mendean, bretoieraz edo katalanez bideo-jokoak sortuko zirenik? Zeinek pentsatuko zuen, hizkuntza horiek sekula erabili ez zituen jende askok orain erabili egin nahi dituela?

Zenbateko garrantzia ematen diozue alderdi psikologikoari, hizkuntzen biziberritzean?

Elementu erabakigarria da. Azkeneko “informeCAT”ean (Plataforma Per la Llenguan egiten dugun datu adierazgarrien urteroko txostenean), ikusi dugu nola ari den nabarmen hazten katalana hitz egiteko  gaitasuna duen jende kopurua, baina badago jaitsiera txiki bat normalean katalana erabiltzen duen jende kopuruan. Gero eta jende gehiago dugu katalanez hitz egin dezakeena, baina ez dugu bermatuta gaitasun hori praktikan jarriko  duenik, hau da, hitz egingo edo idatziko duenik. Beraz, hiztun potentzial bakoitzak erabaki pila bat hartu behar ditu, zein hizkuntza erabiliko duen aukeratzerako orduan; eta erabaki horietan hainbat aurrejuzgu eta emoziok hartzen dute parte. Emozio horiek landu egin behar dira. Horrekin lotuta, Plataforma per la Llenguan beti saiatzen gara hiztunen autoestimuari ekarpen positiboak egiten. Jakin behar dute, zerbait ez badoa ondo, ez daudela bakarrik. Gasteizen egon ginenean, Euskaraldia proiektuari buruz gehiago jakiteko aukera izan genuen, eta gertutik jarraituko dugu. Eragin positiboa izango duela uste dugu, jarrera-aldaketek ez baitiote gutxiengo kontzientziatu bati bakarrik eragingo: Euskal Herri osoak sumatuko du eragina!

 

Neus Mestres eta Óscar Adriá Ibáñez,  HIGA topaketan (Beñat Garaioren argazkia)

 

Gazteena da talde sozial dinamikoenetakoa, esparru guztietako  aktibismoari dagokionean (horixe izan zen HIGA! topaketaren oinarrietako bat). Zein da gazteek hizkuntzen biziberritzean duten garrantzia?

Gazteak dira  hizkuntzaren etorkizuna.  Gazteek hizkuntza erabiltzea, eta etorkizunean izan ditzaketen seme-alabei hizkuntza transmititzea dira gazte aktibistadun hizkuntza guztiak XXII. mendera iristeko bermea. Katalanaren kasuan, gainera, aurrez esan dugun bezala, etorkizunean katalanez hitz egiten jakingo duten jende asko izango dugu, baina ez dugu bermatuta izango erabiliko dutenik. Hala ere, atzeman dugu 15 urtetik 29 urtera arteko belaunaldiak gehiago erabiltzen duela katalana 30etik 44korakoak baino, eta datu hori, bere horretan, biziberritzearen erakusgarri txiki bat da.

Plataforma per la Llenguan, zein dira gazteen esparrurako martxan dituzuen lerro estrategikoak?

Plataforma per la Llenguan ditugun helburuetako batzuk dira gazteen motibaziorako lagungarri diren ekintzak sustatzea, katalana irisgarri egingo dietenak, eta beren aisialdiko interesekin lotuta daudenak.

Katalanez hitz egiten duen publiko gazteak, askotan, gehiegitan, gazteak eurak xede-talde dituen komunikazio-elementu eta -espazioetan hartzen du parte, baina espazio horietan ahaztu egiten da gazte horiek hitz egiten duten hizkuntza. Hortik dator, aisialdiaren eremuan aitzakiarik ez duen anomalia horri aurre egiteko beharra. Belaunaldi bakoitzari talde gisa identitate bat ematen dien ezaugarri komun batzuk egozten zaizkio. Belaunaldiak, barne-mailan, oso pluralak dira, eta beti aurki ditzakegu interesen araberako azpitaldeak, edo joera orokorretatik urrun dauden zaletasunak dituzten gazteak. Une honetan, Zeta belaunaldia, 2000 urtetik aurrera jaiotakoek osatutakoa, da nerabezarotik gizarterako norabide berria markatzen ari dena. Aro digitalean jaiotakoak dira, testuinguru globalean funtzionatzen dutenak, eta sareko munduaren eta mundu ukigarriaren arteko lerroa oso modu malguan bizi dute. Gaur egungo nerabeek dagoeneko Facebook utzi eta Instagramekin ordezkatu badute, nola aldaraziko ote dute, urte gutxi barru, kultura-kontsumoaren merkatua ? Eta zein izango ote da katalanaren papera eboluzio horretan? Plataforma per la Llenguan baditugu baliabide berri batzuk, katalana presente egon dadin, edo bere presentzia indartu dezan, musikaren, modaren, joera berrien eta gazteen aisialdiaren esparruetan: glosa eta rap tailerrak, spotify zerrenda tematikoak, zabalkunderako materiala, preserbatiboak katalanez, memeak katalanez sortzeko tailerrak, etab.