
Urritik urtarrilera bitartean egingo diren topaketetan aditu askok parte hartuko dute
Hezi-ola hitzaldi eta mahai-inguru ziklo bat da, eta galdera hau dauka abiapuntu: zer jakin beharko luke gasteiztar batek derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean euskarari eta euskal kulturari dagokienez?
Erantzun partekatuak bilatu eta hezkuntza-komunitatea beste eragile batzuekin harremanetan jarri nahi du Hezi-olak: euskalgintzako gizarte-eragileekin, euskarazko kulturaren munduarekin eta aisialdi hezitzailean lan egiten duten eragileekin.
Hezi-ola zikloak lau saio izango ditu urritik urtarrilera bitartean, hileko bigarren asteazkenean, 18:30etik 20:30era Oihaneder Euskararen Etxean. Saio bakoitzean modu independentean eman daiteke izena.
Izen-emateak zabalik daude irailaren 15az geroztik, eta saioa baino astebete lehenagora arte eman daiteke izena, lekurik baldin badago.
Gasteizko Udaleko Euskara departamenduko Mertxe Berasategi eta Aramaioko Herri Curriculumaren egilea Mari Carmen Garrido elkarrizketatu dituzte Radio Vitoriako ‘Euskara Araban’ saioan. Entzun elkarrizketa: