‘Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ da leloa
‘Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz‘ eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak merkataritzan euskara sustatzeko abiatu duen kanpaina da.
Merkataritzan Euskaraz kanpaina tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina da, merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatu nahi dituena.
Gure denda edo tabernetan maiz entzuten dugu “Jarri betikoa”; konfiantzazko harremana dela adierazten digu esaldi horrek, gertukoa, betikoa… Honela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean. Mezu hori eta berau irudikatzen duen spota dira kanpainaren ardatzak.
Spotaren zabalkundearekin batera, udalen elkarlanak garrantzia berezia dauka aurtengo edizioan. Modu bateratuan egitearen aldeko izan dira EAEko udal ordezkariak (EUDEL, UEMA, hiru Aldundiak eta bat egin duten udal, koadrila nahiz mankomunitateak), eta azken bi urtetan egindako koordinazio lana oso modu positiboan baloratu da. Eusko Jaurlaritzan eskainitako euskarrien zerrenda batetik abiatuta, udal bakoitzak norberaren errealitatera egokitutako estrategia bat jarraituko du datozen asteetan zehar spotaren mezua gizarteratzeko helburuarekin.