Mozilla fundazioak Common Voice ekimena sortu zuen ahozko hizkuntza datutegi erraldoiak sortzeko, eta Librezale elkarteak gidatuta euskarak ere bere leku dauka.

Common Voice ekimenean 250 hizkuntza jasotzen dira eta horietako bat da euskara. Teknologia berrietan euskarak leku duina eta aberatsa izatea da ekimenaren helburua; eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Euskaltzaleen Topagunak eta beste eragile batzuek bultzatutako Gaitu kanpainaren bitartez, ahots euskaldun asko batzen dabiltza ekimenera.

Eginbeharrekoa erraza da: Gaitu.eus webgunera sartu eta han dauden esaldiak ahoz grabatu; eta jarraian beste batzuek grabatutako esaldiak balioztatu. Era berean, libreak diren testuak ere gehitu daitezke. Oso intuitiboa da, software librean egina, eta ez da ezer berezik behar; mikrofonoa daukan edozein gailurekin grabatu daiteke ingurune isil batean.

Gaitu kanpainak oso emaitza onak eman ditu, eta dagoeneko Common Voice plataforman dauden 205 hizkuntzetatik euskara da 13.a grabazio kopuruan, japoniera eta italiera aurreratuta dagoeneko.

Era berean, mota guztietako ahotsak behar dira eta Librezale taldeko Marko Txopiteak dei berezia egiten die emakumeei eta pertsona adindunei, horiek gutxiago daude-eta. Izan ere, ekimenak parekidea eta dibertsoa izan nahi du, eta horren bidean dago.

“Gero eta ahots desberdin gehiago batu, hizkuntza ereduaren emaitza askoz sendoagoa eta kalitate hobeagokoa izango da; horregatik gonbidapena ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten”, diozku Marko Txopiteak.

Entzun hemen elkarrizketa osoa: