Marka eta Erronka euskara eta kirola uztartu nahi dituzten eragileen topaketa bat da; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatzen dutenak. Bertan euskarak kirolean duen egoera aztertzea eta aurrerabideak identifikatzea da helburua. Kirol arloan lan egiten duten pertsonak izaten dira gonbidatuak: erakundeetako kirol zerbitzuetako teknikariak, federazioetako kideak, klubetakoak, guraso elkarteetako kirol koordinatzaileak, eta baita kirolari, entrenatzaile eta kirol epaileak ere.

Marka eta Erronka 3, 2022

Topaketak hiru atal izan ditu:

  1. Ana Arregi kazetariak elkarrizketa bat egin zion Joseba Beloki txirrindulariari. Bizipenekin eta anekdotekin batera, bere euskaraz eta kirolaz duen ikuspegia azaldu zuen. Bi arazo ikusten ditu euskararekin: kirolaren globalizazioa (batez ere eliteko kirolean) eta belaunaldi berriek kluben eta federazioen erreleboa ez hartzea.
  2. Dinamika bat egin genuen taldeka: Azken urteetako “mugarriak” errepasatu ondoren, euskara eta kirol arloan nahi genituzkeen “titular” eta “mugarri” berriak irudikatzen saiatu ginen. Halaber, titular horietara iristeko urratsak eta oztopoak aurreikusten saiatu ginen. Lan taldeen emaitza materialen atalean jaso ahal duzue.
  3. Aukera aprobetxatu genuen, oraingoan ere, kirol mundutik Euskaraldiari keinu bat egiteko.

Astebete lehenago kirol-ginkana bat antolatu genuen Andre Mari Zuriaren plazan, Euskaraldia eta Marka eta Erronka topaketa girotzeko. Horren bideoa ere materialen atalean ikusi ahal duzue.

Topaketaren materialak

Topaketa iruditan

Aurreko edizioak

1. edizioa, 2016

Lehen topaketa 2016an antolatu zen Artium museoan. Garai hartan “euskaragile” hitza erabiltzen zen: bertan bildu genituen pertsonak kirol arloan euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko gogoa nabarmendu nahi zelako. Lehen topaketa horren helburua praktika onak identifikatzea izan zen.

2. edizioa, 2018

Bigarren topaketa 2018an izan zen, lehen Euskaraldiarekin batera. Aukera hori baliatu nahi izan genuen ekimena kirol arloan zabaltzeko. Gogoeta egin genuen kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko dauden aukera ezberdinez (lantaldeetan, ekintza posiblen katalogo bat sortu zen), eta Euskaraldiaren ekimena kirol arloan zabaltzeko aukerak eta mugak aztertu genituen.