Maiteder Sasieta: “Lautadako herri guztiak elkarrekin eta aldi berean aktibatu nahi ditugu”

Euskaraldia  ekimena eskualdez eskualde, herriz herri zabaltzen ari den honetan,  Arabako kuadrillarik aktiboenetako batean jarri nahi izan dugu arreta. Lautadaz ari gara: 2016an “75 ordu euskaraz” ekimen arrakastatsua egin ondoren, Lautadako Euskararen Komunitateko kideak eskualde osoa aktibatzeko lanetan ari dira orain. Maiteder Sasieta Muruak, lan talde osoaren izenean, erantzun ditu gure galderak.

 

  • Urte eta erdi inguru joan da Agurainen egin zenuten “75 ordu euskaraz” ekimenetik. Herritarrak aktibatzen hasi zineten, eta Euskaraldiarekin jarraituko duzue lan horretan … Nola joan da, orain arte, bi ekimenen arteko trantsizioa?

 

2016an egin genuen 75 ordu euskaraz ekimena. 75 ordu horiek azaroko lehen astean izan ziren, baina sei hilabete aurretik hasi ginen antolakuntza eta prestaketa lanetan; herria eta herritarrak ahaldundu, jendea egoera berrirako prestatu eta konpromisoa hartuko zuten norbanakoak bilatzen besteak beste. Izenburuaren arabera 75 orduko ekimena izan arren 6 hilabeteko prestaketa lana izan zen, 75 ordu horiek azken txanpa izan zirelarik. Ekimena izugarri ondo atera zen, oso ariketa aberasgarria izan zen aguraindarrontzat; Agurainen ere euskaraz bizi gaitezkeela konturatu baikinen. Balorazioa egiterakoan jabetu ginen lanean jarraitzearen beharraz, ordura arte lortutakoa ezin genuela bere horretan utzi eta horregatik ordura arte bezalaxe elkartzen jarraitu genuen koordinazio taldeko kideok. Argi genuen denbora bat pasa ostean berriro ere antzeko ekimen bat egin beharra zegoela, eta Euskaraldia pare parean jartzean ikusi genuen gure filosofiarekin bete betean jotzen duen ekimena dela. Baina aurrerapauso bat egin nahi izan dugu hala ere. 75 ordu euskaraz Agurainen zentratutako ekimena izan zen, eta Euskaraldiarekin maila bat gora egin nahi izan dugu: Lautadako herri guztiak elkarrekin eta aldi berean aktibatzeko erronka bezala proposatu genien gure bizilagunei, eta baita haiek onartu ere.

 

  • Nola egituratu duzue Euskaraldia Lautadan? Batzordeak, hamaikakoak … Nor arduratuko da egin beharrekoaz?

Egin genuen lehen lana Lautadako herri txiki guztietan konplize bana bilatzea izan zen. Konplize horiei egitasmoaren berri eman genien eta bakoitzak bere herrian ekimena aurrera eraman nahi ote zuen galdetu zitzaion, edo ea nork eraman zezakeen. Herri-gune handiagoetan (Araian, Dulantzin eta Agurainen) talde eragileak sortu ditugu herriaren ahalduntzea eta prestaketa aurrera eramateko. Aurreneko hiru hilabeteetako lana izan da hori, eta jada martxan daude bai hiru herri koxkorrenetako talde eragileak eta baita pixkanaka pixkanaka gainontzeko herriak ere, geroz eta gehiago baitira Euskaraldiari baiezkoa eman dioten Administrazio Batzarrak, eta hori hasieran aipaturiko konplize horiei esker izan da. Momentu honetan Lautadako hamaikakoa lotzen ari gara, ahalik eta zabalena eta bailaran zabalduena. Hamaikako horretako kide bakoitzak beste hamaikako bat lortu beharko du, eta lortutako horietako bakoitzak beste hamaika, eta horrela Lautada osoa lotuko duen sare bat osatu arte. Herrigintzan oinarrituriko ekimena izango da, nahiz eta guztia koordinatuko duen eragilea kontratatu dugun Lautadako Udalek emaniko diru laguntzaren bitartez.

 

  • Lautada eremu geografiko zabala da, eta herritarren bilguneak sakabanatuta daude… Nola baldintzatzen du horrek Euskaraldia bezalako proiektu bat? Zer mekanismo jarri dituzue martxan horri aurre egiteko?

Hiru herri-gune nagusi daude Lautadan, eta horietan kontzentratzen dira eguneroko erosketak, eskola orduak, askorentzako lan orduak, eskolaz kanpoko ekintzak … Herri txikietako jendea handiago horietara joaten da sarri eta garrantzitsua da hiru gune horiek martxa onean aritzea, eta horregatik sortu dira talde eragileak bertan. Hamabostean behin elkartzen gara hiru herrietako koordinazio taldeak, elkarrekin baikoaz aurrera denok antzeko martxan. Herri txikiagoetan kontzejuetan ari dira erabakitzen herri bezala Euskaraldian parte hartuko duten edo ez, eta jada 40 inguru dira baiezkoa eman dutenak. Lehen aurkezpen bat egin genuen urrian herri guztiok elkarrekin, eta maiatzean beste bat egingo dugu. Hori guztia koordinatzeko langile bat kontratatu da Lautadako udal guztiek emandako diru laguntza batekin. Momentuz helburua betetzen ari da, Lautada osoa elkarrekin eta denok batera aurrera joatea.

 

  • “75 ordu euskaraz” ekimenean lan berezia egin zenuten euskaraz ez dakitenekin. Zer lan aurreikusten duzue Euskaraldian beraiekin?

Euskaraldian jarri den muga ulermena da, euskaraz ulertu behar da Belarriprest izan ahal izateko. Esfortzua eginez euskara ulertzen duen jende asko dago Lautadan, guk uste baino gehiago, eta ahalik eta belarriprestik gehien lortzea izango da oraingoan gure erronkarik zailena. Herritarrak ahalduntzeko tailerrak prestatuko ditugu aurrekoan egin genuen bezala, bai TELP tailerren bidez eta baita herritarrak ulermenerako gaituko dituen ikastaroen bitartez ere.

 

  • Agian goiz da galdetzeko, baina…Euskaraldia eta gero… zer? Olatuak Lautadan zer uztea gustatuko litzaizueke?

75 ordu euskaraz ekimenak ohitura aldaketa ugari ekarri zituen. Herri bezala konturatu ginen guk uste baino leku gehiagotan egin dezakegula euskaraz, nahiz eta, muineraino sarturik dauzkagun ohiturei aurre egin ezin horrekin, zaila izan. Konturatu ginen zaila izan arren ohitura horiei aurre egitea posible dela, eta euskararen presentzia handitzea gure esku dagoela. Hori oraindik bizirik dago proiektu horretan sinetsi genuen guztiongan, eta sinesmen hori Lautada osora zabaltzea gustatuko litzaiguke. Aurrera  jarraitzeko helburu horrekin Lautadako Euskararen Komunitatea eratu genuen 2017ko urriaren 19an.