“Soziolinguistika hiztegi txikia” ikastaro sortaren barruan, bihar martxoak 26, “Eskola eleaniztunean hizkuntzen gaineko jarrerak gogoeta gai: euskararen biziberritzerako aukera bat?” izeneko hitzaldia izango dugu Leire Diaz de Gereñuren eskutik. EHU Unibertsitateko doktore eta Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakaslea eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kide da. Harekin izan gara, hitzaldiaren nondik norakoen inguruan.
- “Eskola eleaniztunean hizkuntzen gaineko jarrerak gogoeta gai: euskararen biziberritzerako aukera bat?” da hitzaldiaren izenburua. Irakurlea kokatu dadin, zertaz ari gara zehazki eskola eleaniztuna diogunean?
Guk ulertzen dugun moduan, behintzat, hiztun eleaniztunak hezi nahi dituen eskolan helburu nagusi bi genituzke: batetik, curriculumeko hizkuntzak ikastearekin batera hizkuntza horiek guztiak erabili nahi dituzten ikasleak heztea, eta horrek esan nahi du, bereziki, euskara erabili nahi izatea lortzea –curriculumeko beste hizkuntzak erabili nahi izaten dira eta; bestetik, eskolako familietan erabiltzen diren eta gure gizartea aberasten duten hizkuntzak sustatu, ikasi eta erabiltzeko nahia ere izango duten ikasleak heztea. Hizkuntzadibertsitatearen aldeko balioak eta jarrerak sustatzen dituen eskola eleaniztunak hizkuntza gutxituekiko arreta berezia eskatzen du.
- Eskola eleanitzak berez bereganatzen du hizkuntzaren auzia zehar-lerro gisa, eguneroko kezka eta ezaugarria du. Zer garrantzia du kezka hori horren present izateakeuskara bezalako hizkuntza gutxitu bat irakastea helburu dugunean?
Erabateko garrantzia du, oinarrizkoa da kezka hori izatea. Dena den, kezkaz baino, esango nuke, eskolako testuinguruan hizkuntza gutxituetan ardazten den eleaniztasunaren erronkaz jardun behar dugula. Eleaniztasunean garatzeko egun ditugun baldintza berriak ondo aztertu eta eskola-komunitateko partaideen hizkuntza ideologia eta praktikak ezagutubehar ditugu. Hor ditugu egun zabaldu diren elebitasunaren eta eleaniztasunaren aldeko jarrerak: “zenbat eta hizkuntza gehiago ikastea hobe da”, “burmuinaren garapenerako ona da”, e.a. Ordea, hizkuntzen arteko botere harremanek eraginda, hizkuntza hegemonikoenalde lerratzen diren jarrerak eta praktikakditugu eskola nahiz familietan:gaztelera eta ingelesa, gure testuinguruan.
- Haur eta gazteek euskara erabiltzen ez dutela diogu sarritan. Hizkuntzaren gaineko gogoeta falta eta erabileraren garrantziaz ez jabetzea izan ohi dira arrazoiak. Eskola eleaniztunak berez dakar gogoeta. Zein eratan baliatu dezakegu egindako gogoeta hori euskararen erabileran eragiteko?
Eskola eleaniztun gisa izendatze hutsak ez dakar berez gogoeta sustatzea. Nik uste gogoeta zein den ere asko dugula ikertzeko eta garatzeko. Aniztasuna da gogoeta gaia? Aniztasunaren balioa sustatzea? Zein hizkuntza sustatu ere, nik uste askotan ez dela agerikoa, eta are gutxiago, nola. Hizkuntza batzuk hemen bertan baloratuak dira, beste batzuk, ikusezinak eta mespretxatuak, baita jatorrizko herrialdean ere. Eskola-komunitateak etengabeko gogoeta egin beharra du euskara bultzatzeko, dibertsitatea bultzatzeko, baina ikerketek lagundu behar dute gogoeta hori.
- Haur etorkinen kasuan, haien ama-hizkuntza ere hizkuntza gutxitua da gurean. Euskara ez izan arren, nagusia ez den hizkuntza bat dute etxeko hizkuntza. Hizkuntzen ikaskuntzarekiko joera hori nola balia daiteke euskarara hurbiltzeko?
Jatorri migratzailea duten familietako hizkuntzen egoera soziolinguistikoakoso ezberdinak dira, gurean bezalakoxeak edo are muturrekoagoak. Familian ingelesa, italiera, alemaniera, katalana, dariya, hassania, kitxuera, amazigha, sererea, wolofa, edo-Benina, hitz egiteak ez dauka zerikusirik ez hiztunen jarreretan ez eta hizkuntza horien jabekuntza eta ikaskuntza egiteko dauden aukeretan ere.Edozelan ere, bestelako faktore askok ere eragiten dute euskara bereganatzeko gurarian: eskolan eta gizartean egiten zaien harrera, euren hizkuntza komunitatearekin daukaten harremana, maila sozio-ekonomikoa, bertako egoera soziolinguistikoaz duten informazioa, euren hizkuntzaren bitartez eraiki duten identitatea, migrazio proiektuaren ezaugarriak,e.a. Nik esango nuke, oro har, hizkuntza gutxituak dituzten/hitz egiten dituzten hiztunekin aliantzak egitea errazagoa izan daitekeela, baina kontrakoa ere gertatzen da.
- Nola gauzatzen da hau? Zein dira maila didaktikoan erabili ohi diren praktikak?
Nik uste gero eta proposamen gehiago egiten direla, bai material didaktikoetan eta bai irakasleen, guraso eta bestelako eragileen aldetik ere. Dena den, asko dago egiteko. Aintzat hartu beharko lirateke, besteak beste: Batetik, hizkuntza aniztasuna ezagutaraztea edo kontrara, benetan erabilera bultzatzea duten helburu. Bigarrenik, eskola bakoitzeko egoerari egokitutakomaterialakdiren. Hirugarrenik, kultur aniztasunarekin nola uztartzen den eta ondorioz ez den lausotzen hizkuntz aniztasunaren gaia. Laugarrenik, kontuan den hiztungutxitutakoak diren hiztunen balizko kontrako jarrerak -edo beste hiztunenak- ager daitezkeela aintzat hartzen den.Azkenik, esperimentatutako eta frogatutako materiala den.
- Gaur egun, zein da Gasteizko egoera? Zein eratan ari da lantzen eta gauzatzen eleaniztasunaren erabilera?
Nik uste molde askotara egiten ari dela baina egun arrisku handiena ikusten dut eleaniztasuna (euskara-)gaztelania-ingelesa hirukoarekin ulertzera garamatzan joeran. Nik uste, etxean euskaraz egiten dugunokin bakarrik, lan handia dagoela egiteko gai honekin. Nola kudeatzen dugu eleaniztasunafamilian? Eskola-komunitatean? Nola familia mixtoetan? Bestalde, etxetik gazteleradunak diren hiztunen artean euskararen aldeko jarrera garbia ez da behar beste hedatu eta agian lausotu ere bai azken urteetan. Ingelesaren lekuari dagokionez, ikuspegi anitz eta kontrajarriak daude, baina bai eskolan bai familian aurrera egin du haren lekuak eta nagusitasunak. Egoera ondo kudeatzeko sakonago ezagutu behar ditugu gertatzen ari diren aldaketak.Uste baino gutxiago darabilgun gaia da.