“Laudioko berbak / Palabras de Llodio” liburua, sarean eskuragarri

Sarean eskuragarri du, hala nahi duenak, Felix Mugurutza Laudioko Udaleko euskara teknikariak argitaratutako “Laudioko berbak / Palabras de Llodio” liburu ederra. Hona hemen egileak berak berriaren inguruan emandako azalpenak:
Joan diren gabonetan Laudioko udalak argitara eman zuen “Laudioko berbak” liburua, herritarren artean banatzeko. Eta, izenburuak dioenaren kontra, laudioarrena ez ezik, euskal komunitate osoarena da bertan jasotako altxor linguistikoa.
Ondorio praktikoei begira, Laudion euskararen erabilera normalizatua galdu zen duela 150-100 bat urte (herritar euskaldunak beranduagora arte izan ziren arren). Nolanahi ere, euskara natural haren zantzuak oraindik bizirik daude. Bitxia bada ere, hainbat herritarrek oraindik erabiltzen dituztelako euskarazko hitz haiek oraingo gaztelaniaren barruan txertatuak, euren jatorriaz jabe izan barik.
300 bat dira liburuan jasotako berbak eta guztiak erabiltzen dira gaur den egunean. Baina hamarkada bat edo biren buruan gehienak ez dira oraingo modu naturalean erabiliko eta betiko galduko dira, tamalez. Horregatik, lan honen helburua ez da soziolinguistikoa, etnografikoa eta historikoa baizik. Xedea etorkizunean jarria duen bilduma da, datozen belaunaldiek jakin dezaten zer izan ginen.
Ikuspegi ilun horren aurrean, badago alai egoteko zergatia: oso euskalduna dugu oraingo Laudio herria, bestelako euskara bitarte, bere identitatea berreskuratzen bikain asmatu izan duelako.
Baina ez gaitezen dibagazioetan gal eta goza dezagun “Laudioko berbak” liburuaren edukiarekin. Paperez nahiko bazenu, Laudioko udaletxera jo beharko zenuke baina, bitartean, eskuragarri dago udalaren webgunean ere; jaisteko, birbidaltzeko, kopiatzeko eta, batez ere, gozatzeko (esteka zabaltzeko, egin klik liburuaren azalaren gainean):