Bideojokoetan euskara bultzatzeko sortutako Game Erauntsia komunitateko Lander Unzueta elkarrizketatu dugu. Bideojokoak euskaratzeaz gain, horren gaineko informazioa eta aholkularitza ematen dihardute non-nahi.

Game Erauntsia komunitatea 2014an sortu zen, esparru horretan ingelesa eta gaztelania jaun eta jabe zirela ikusita, horri buelta eman nahian. Ordutik komunitate handia osatu dute eta asko dira egiten dituzten lanak: albisteak landu, hitzaldiak, formakuntzak, tailerrak, txapelketak, itzulpenak… Komunitatearen webgunean daude ikusgai horietako asko.

Lan handia dute aurretik, baina oso gogotsu daude. Dagoeneko 118 bideojoko euskaratu dituzte (hemen zerrenda ikusgai), sortu dute gune bat non bideojokoen gainean euskaraz informatu eta eztabaidatu daitekeen; eta, gainera, haiek azaltzen duten moduan jokoak beste hizkuntza batzuetan dauden kasuetan ere, on line euskaraz aritu daitezke jokoan.

Herriz herri ibiltzen dira tailerrak eskaintzen, bai gazteei zuzenean, zein guraso eta hezitzaileei. Euskarazko eskaintzari buruzko ezjakintasun handia dago, eta behin dagoena erakutsita, jakinmin handia pizten du.

“Ume edo gazteekin tailerrak egiten ditugunean, hartzaileak bideojoko handien bila etortzen dira, baina behin euskaraz zer nolako jokoak duaden ikusten dutenean, berehala zaletu egiten dira, joko horiek ere oso maila onekoak direlako”, azaldu du Lander Unzuetak. Eta honako gaineratu du: “Garrantzitsuena da dagoena erakustea eta probatzen uztea. Izan ere, badago aurreiritzi bat ez daudela joko onak euskaraz”.

Hain zuzen ere, Unzuetak honakoa nabarmendu du: “Oraindik ere gaur egun jende asko harritzen da bideojokoak euskaraz daudela jakitean; gero eta gehiago daude, eta maila onekoak, gainera”.

Entzun hemen elkarrizketa osoa: