Lanabesek euskarazko praktiken komunitate bat sortuko du eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die enpresei

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada bat emateko, Arabako enpresa eremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari, hain zuzen ere. Akordio horri esker, hiru erakundeek Lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat.

“Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz”, azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. “Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik”.

Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren. Horiei erantzuteko neurri-sorta bat aurkeztu zuten goian aipatutako erakundeek, Orona enpresaren egoitzan, joan den urriaren 5ean.

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.

Eta, bestetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, batzuengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bat. Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Hemen ikus dezakezue urriaren 5eko prentsa-agerraldia, osorik: