Gasteizko Udalak eta El Boulevardek hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Arabako hiriburuan eta merkataritza-gunean euskararen erabilera sustatzeko lankidetza eta konpromisoa sendotzeko. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Amaia Castillo El Boulevardeko gerenteak akordioa sinatu dute gaur goizean, eta horri esker urtero hizkuntza sustatzeko hainbat ekintza egingo dira. Gasteizko Udalak eta merkataritza-eremuak horrelako hitzarmen bat sinatzen duten lehen aldia da.
“Eremu sozioekonomikoa euskara sustatzeko politiken zentroan dago momentuan. Euskal erakundeok oso argi daukagu enpresa eta dendetan euskalduntze prozesua bultatzea funtsezkoa dela”, esan du Gorka Urtaran alkateak. “El Boulevardetik aspaldi ari gara euskararen erabileraren aldeko apustua egiten eta gaur pausu garrantzitsu bat ematen dugu. Euskararen normalizaziora bidea egin nahi dugu eta gaur sinatzen den lankidetza aro berria bide ona dela uste dugu. Gure hiriaren eta gure merkatal eremura gerturatzen diren pertsonen aldeko lankidetza egingo dugu Udalarekin”, esan du Amaia Castillo El Boulevardeko gerenteak.
“Eremu sozioekonomikoa euskara sustatzeko politiken erdigunean dago”, esan du Gorka Urtaran alkateak
Diagnostiko soziolinguistikoa
Akordio horrek hainbat emaitza ekarriko ditu epe laburrean: Udal Euskara Zerbitzuak hasi ditu Boulevardeko hizkuntza-egoerari buruzko diagnostikoa egiteko lanak, merkataritza-guneko langileek euskara-eskoletan izena emateko aukera eskainiko da, merkataritza-eremuak Euskaraldia bezalako kultura-ekintzekin lagunduko du eta komunikazio-kanpainak zabalduko dira.
Lehenengo lana, hizkuntza-diagnostikoa, laster hasiko da, eta El Boulevardeko langileei, saltokiei eta bezeroei egindako inkestetan oinarrituko da. Lana urritik abendura egingo da. Horri esker jakingo da zein den euskararen abiapuntua merkataritza-gune horretan, Gasteizko handienetako batean.
Kultur ekintzei dagokienez, Boulevardek modu aktiboan parte hartuko du Euskaraldia 2022an. Ildo horretan, urriaren 8an Tor Magoaren emanaldia programatu da 18.30etan Nodal plazan. Eta azaroaren 5ean Potx eta Lotx pailazoak.