Urriaren 24an itxi zen Lazarraga Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea eta guztira saria jasotzeko 43 hautagaiek aurkeztu dute bere burua. Horietatik bost aukeratu ditu Lazarraga Sarien zazpigarren edizioko epaimahaiak; azaroaren 24an, 13:30ean, Artiumen egingo den ekitaldian emango da horien berri.
Lazarraga sarien helburu nagusia da Arabako hainbat erakundek eta pertsonak esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzeko eta ezartzeko egin duten lana saritzea. Lazarraga Sarien bidez, Arabako bost erakunde edota pertsona sarituko dira euren lan ingurunean euskararen normalizazioan eramandako ekimenengatik.
Epaimahaia
Lazarraga Sariak 2022 ebazteko epaimahaia honako hauek osatu dute:
- Lexuri Ugarte Aretxaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekia Sailaren zuzendaria.
- Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria.
- Olatz Imaz Mendizabal, LANEKI elkarteko ordezkaria.
- Olaia Arrieta, Merkataritza eta Industria Ganbarako ordezkaria.
- Amagoia Zubillaga, Arabako Foru Aldundiko ordezkaria.
- Amaia Gabilondo, SEAko ordezkaria.
- Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko ordezkaria.
Hautagaiak baloratzeko irizpide eta prozedurak honako hauek izan dira: Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko enklabean euskarak eremu sozioekonomikoan duen presentzia ezartzeko eta areagotzeko egindako lana. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko, kontuan hartu dira bi irizpide hauek:
- Zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko.
- Zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.
Era berean, euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duten neurriak kontuan hartu dira, alor hauei dagozkienak: hizkuntza gaitasuna, erakundearen irudia, kanpo komunikazioa, barne komunikazioa zein lan tresnak eta pertsonen kudeaketa. Baliabideei dagokienez, honakoak baloratu dira: euskaraz lan egiteko baliabideak, kontratazioak, barne agiriak, produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan, formazioa euskaraz eskaintzea, etab.
Sari-banaketa ekitaldia
Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 24an egingo da, Gasteizko Artiumen, 13:30ean. Ekitaldiaren ondoren luntxa egongo da.
Bertaratu nahi izanez gero, interesdunek inprimaki hau bete dezakete.
Azaroaren 24an, @BaiEuskarari Elkarteak eta @Araba|ko Foru Aldundiak #LazarragaSariak2022 banatuko dituzte.
43 hautagai aurkeztu dira eta horietatik bost aukeratu ditu Lazarraga Sarien zazpigarren edizioko epaimahaiak https://t.co/5Y3uqrV67M pic.twitter.com/UdAZQd9Kz4
— Lazarraga Sariak (@Lazarragasariak) November 7, 2022