Larreako Dorretik Lazarraga Sarietara

GARA EGUNKARIA – EUSKARAREN EGUNEKO GEHIGARRIA 

captura-de-pantalla-2016-12-12-a-las-10-00-40 captura-de-pantalla-2016-12-12-a-las-10-00-59

 

Arabako esparru sozioekonomikoan euskara txertatu eta hedatu duten bost entitate nabarmendu dituzte

Arabako Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagir iaren Elkarteak laugarren urtez jarraian banatu dituzte Lazarraga sariak, Arabako esparru sozioekonomikoan euskara txertatzeko eta hedatzeko lanean ari diren entitateak nabarmentzeko. Bi urtez behin antolatzen den ekimen honetan, Adigrafik, Txema Pascual (Artepan), Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardin izan dira sarituak, urtean zehar, bakoitzak bere alorrean, euskararen alde aurrera eramandako ekimenengatik. Guztira, 53 entitate eta pertsona fisiko izan dira hautagai. Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako XVI. mendean; hain zuzen, Joan Perez Lazarraga (goitizenez Poeta) Larrean jaio zen, Araban, 1547 inguruan. Larrea herriko Lazarraga dorreko jauna izan zen. Euskal idazlearen lanik ezagunena Lazarragaren eskuizkribua da. Bada, egun, are ezagunagoa bihurtu da Arabako Foru Aldundiak sortutako Lazarraga sarien eskutik. Aitzindariak dira sariok, eta saritzen diren enpresa eta pertsonak ere aitzindariak dira Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzen. Gasteizko Amarika aretoan azaroaren 24ean izan zen sari banaketan lurraldeko enpresa eta elkarte askoren ordezkariak izan ziren, antolatzaile diren Arabako Foru Aldundikoekin eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartekoekin batera.

 

LAN ISILA ALDARRIKATU

Arabako diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazarren hitzetan, «ezinbestekoa da gizartea oro har eta bereziki esparru sozioekonomikoko eragileak informatzea, egunez eguneko lan isila ozen aldarrikatzeko eta hizkuntza normalizazioaren prozesuan muin eta partaide direla konturarazteko». Halaber, Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak nabarmendu zuen «Arabako etorkizuna euskaraz pentsatu eta eraiki» behar dela. Gainera, aurrera begirako erronka aurkeztu zuen: «Araban euskaraz lan egitea, euskaraz ekitea, euskaraz sortzea, euskaraz berritzea, euskaraz saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posiblea bada, gure ongizatea handiagoa izango da». Sarion laugarren edizioa “Lanabes, Araban Euskara Lanean” egitasmoaren barruan kokatu da. Lanabes proiektuko talde eragilean, Arabako Foru Aldundia, SEA Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbara, Arabako Merkataritza Federazioa, Laneki, Electra Vitoria eta Oreka It enpresak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ari dira elkarlanean. Araban euskararen presentzia sustatu eta handitzea da helburua. Herrialdean gero eta enpresa gehiago ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak. Zeresana duten enpresak eta entitate sarea ehundu nahi du ekimenak.

 

AURTENGO SARITUAK

Bost sariak banatzeko, honakoak izan dira epaimahaiak kontuan hartu dituen irizpideak. Alde batetik, zerbitzua euskaraz eman eta lan egiteko hartu diren neurriak, eta, bestetik, euskaraz lan egiteko baliabideak.

Era berean, kontuan hartu dira kontratazioak, barruko dokumentazioa, hizkuntza paisaia, kanpoko komunikazioa, produktuaren kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako elementuak, euskaraz egindako prestakuntza eta euskara prestakuntza lanean.

Adigrafik Amurrion dago, eta 25 urteko esperientzia duen diseinu grafiko eta web diseinuko enpresa da. Aurretik arte grafikoetan aritutako enpresa da, diseinu-estudio eta zentro grafiko gisa sendotutakoa; gaur egun, teknologia berrietara egokitu dira urrats bat harago emateko. Jende berria hartzerakoan euskaldunek lehentasuna dute, eta hizkuntza paisaia zein kanpo harremanetan euskara erabiltzea lehen lerroan jartzen dute. «Saritua izateko irizpide ugari jasotzen dituen enpresa da. Beraien jardunak erakusten duen osotasuna azpimarratu da, enpresaren egiteko guztia eta partaide guztiak kontuan hartzen dituen eredua da», epaileen arabera.

Artepan 1983an sortutako artisau okindegi eta gozotegia da. Artepanen lehengai naturalekin baino ez dute lan egiten eta zehazkiro zaintzen dituzte bai produktuen kalitatea bai egite prozesuak, eta bistan dena, baita euskara ere. Bertan Txema Pascual da zutabea, Gasteizko euskalgintzan pertsona aski ezaguna. «Artepan enpresan euskara plana dute eta hori posiblea da bere lidergoaren bitartez». Sari honen bidez Arabako enpresetan pertsonek duten «lidergo gaitasuna» agerian jarri nahi izan du epaimahaiak.

Etxeko Baratza Kanpezuko Urbisu herrixkako familia enpresa txiki bat da, nekazaritza ekologikoan diharduena. Kanpo harremanetan, produktuen inguruko informazioa, hizkuntza paisaia edota tiketak euskaraz ematen dituzte, eta, barne harremanetan, berriz, euskaraz aritzen dira. Erakunde publikoekin egin beharreko harremanak euskara hutsez egiten dituzte eta parez pareko harremanetan ere euskaraz jardutera gonbidatzen dute bezeroa euren jarrerarekin. Lautada Bizirik Arabako Lautadako merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzuetako lehenengo elkartea da. Euskararen presentzia bermaturik dago antolatzen dituzten jarduera guztietan, eta Aguraingo 75 ordu euskaraz egitasmoaren barruan merkatariek beraien elkarlana eskaini zuten gogotsu (280 aguraindarrek euskaraz bizitzeko nahia erakutsi eta egun horietan hala egiteko konpromisoa hartu zuten). «Zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko neurriak hartu dituzte. Kanpoko komunikazio oso aproposa da diharduten esparrua kontuan harturik. Egin duten apurraz haratago, aurrera begira duten potentziala saritu nahi izan dugu», epaimahaiaren arabera.

Ciudad Jardin Gasteizko Institutua gizartearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketako ikastetxe publikoa da, eta bosgarren sariduna. Etorkizunera begira beren prestakuntza-eskaintza inguruko enpresen beharretara eguneratu dute, eta gelak teknologia berrienarekin hornitu dituzte. Beraien jarduna Lanbide Heziketan oinarritzen da, administrazioa, merkataritza eta informatika arloetako profesional berriak prestatuz. Ikasleek lan praktikak euskaraz egin ahal izateko ahalegin handia egiten dute. «Lan praktikak euskaraz egiteko aukera bultzatzen dute. Eskaera hori errealitate bat dela gizarteratzen ari dira eta horrek bere indarra dauka, Araban eskaintza handiena ahalbidetzen duen ikastetxea izanik», nabarmendu dute.

Lazarraga sariak Araban euskararen normalizaziorantz emandako aurrerapausoak azpimarratzeko baliatu dituzte, batez ere arlo sozioekonomikoan emandakoak. Hemendik aurrera norabidea bide horretatik doala ozen adierazi dute, elkarlanean, indarrak batuz eta egunero euskaraz bizi eta lan egitea errealitate bihurtuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude