Lan-mundua euskalduntzen indarra jarri

Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Lanabesen aurkezpenean esandakoak ekarri ditugu hona.

Oso garrantzitsua da konturatzea Hezkuntza eta lana ardatz garrantzitsuak izango direla Araban eleaniztasunari dagokion kolorea emateko. Bien arteko harremana landu beharko da eta oraintxe da unea horri heltzeko. Harrobia badago, lanabesak behar dira, ordea, harrobia lan mundura eramateko.

Hemendik aurrera bermatu beharrekoa izango da moduluen eskaintza euskaraz izatea, modu berean ikasleek enpresatan egiten dituzten praktikak euskaraz izan daitezela, Ikaslan-Laneki elkarteari esker etengabe sortzen den Lanbide Heziketako moduluetarako material guztia euskaraz ere egon dadila eta ikasle-irakasleen eskura egon dadila.

Hemen zaudeten asko, dagoeneko hasiak zarete zuen enpresetan euskararen presentzia eta ezagutza bultzatzen, bideratzen eta bitartekoak jartzen. Aurrerako urratsak era badira, 2013an 118 enpresek lortu dute euskararen ziurtagiri bat (BIKAIN, Bai Euskararen Ziurtagiria), hasiak dira euskara planak egiten, euskaldun bezeroa kontuan hartzen, paisaia linguistikoa elebitan jartzen eta lurraldean enpresen arteko praktika onak ere eskaintzen. Halaxe ikusi dugu azken urteotako ekimenetan. Arabako Foru Aldundiaren izenean mila esker.

2014ko Lazarraga sarietan, han saritutako enpresa batek eskaera bat egin zigun, harremanetan jarri nahi zutela Euskara Planak eta esperientzia berriak sortzen ari ziren Arabako beste enpresekin. Hor daukagu adibide moduan, Enpresarean, euskaraz lan egiten duten enpresak elkarren artean praktika onen trukea egiteko gunea eta elkarren arteko ezagutza bultzatzeko aukera.

Arabako lan munduak aukera du horretan ere aritzeko, txikitasunean handi izaten jakin dugu beti, gure lan egiteko moduetan, gure solidaritate mailan, izan gaitezen eredugarri hizkuntza kudeaketan:

    • Batzeaz ari gara, gehitzeaz, hazteaz: gizartearen eraketak berak zein merkatuen bilakaerak eleaniztasuna eskatzen dute, hizkuntza ugaritan harremanak izatea eskatzen dute. LANABES da honen adibidea, bertan elkartu gara erakunde publiko zein pribatuak, elkarteak zein federazioak, izaera askotarikoak, helburu bakarrarekin, arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzea.
    • Orekaz ari gara: hizkuntzen arteko orekaz, hiztun komunitateen arteko orekaz.
    • Gizartearen bilakaerari erantzuteaz ari gara, gero eta herritar elebidun gehiago dituen herriak gero eta aukera gehiago bermatu behar ditu euskaraz aritzeko edozein delarik ere esparrua.
    • Herriaz ari gara, Herri garapenaz, herriaren aurrerapenaz, herriaren identitateaz, herria ezagutzeaz, herria munduari aurkezteaz. Eredugarri gara hizkuntza txikien biziberritzean, izan gaitezen eredugarri aurrerantzean biziraupena ere bermatzerakoan.

LANABES honen baitan guk ere horixe egin nahi dugu, euskarara hurbiltzera gonbidatu enpresak eta langileak, dakitenek euskara erabiltzera gonbidatu, eta euskara hedatzen ari direnei esker ona adierazi eta aurrera lanean fin segitzeko gonbidapena luzatu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude