Igone Martínez de Luna: “Uztarri berean euskara eta lana jartzea dagokigu”

Arabako Foru Aldundiak eman zion hasiera “Araban Euskara Lanabes” ekitaldiari, ekainen 4an. Bertan izan ziren, Pilar Garcia de Salazar, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordea, eta Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua.

Hona hemen, Igone Martinez de Lunak eskainitako hitzak:

“Arabako lurraldean duela urte asko hasi ginen urratsak ematen gizarte elebiduna nahi genuelako, eta lanabesak izan genituen, batetik, helduen euskalduntze alfabetatzea, eta bestetik, hezkuntzaren sistema bera.
Bi tresna horiei esker gaur egun Araban populazioaren erdia inguru elebidun gara, euskaraz bizitzeko aukera daukagu. Era berean, aurten ezagutu dugun Euskal Herriko mapa berrian Arabak kokagune berezia hartu du; ulermenaren mapa aukeraz betea dator, eta hori ondo daki Euskaraldiak; izan ere, Euskal Herrian % 68 euskaraz ulertzeko gai den horretatik oso gertu gabiltza, % 48an gaude, Arabako gizartearen ia erdiak euskaraz ulertzen du. Gazteak euskaraz datoz. Zorionak denoi!

Arabako Foru Aldundia oso kontziente da hizkuntza kudeaketa egin beharra dagoela; ez alferrik, euskararen sustapena helburu izango duen Plan Estrategiko berrian murgilduta dago, egiteko berriak baino, egiteko modu berriak sustatuko dituena, barruan zein kanpo eragileekin.

Hemen zaudeten asko, dagoeneko hasiak zarete zuen enpresetan euskararen presentzia eta ezagutza bultzatzen, bideratzen eta bitartekoak jartzen. Hortaz, ez kezkatu, berandu baino lehen izango duzue honen berri zehatza.
Uztarri berean euskara eta lana jartzea dagokigu, eta bide zuzenetik eraman”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude