Lanbide Heziketa eta lan mundua euskararekin eta hizkuntza kudeaketarekin lotutako Hizkelan Jardunaldia izan da, Euskara, batzen gaituena! lelopean, Gazteizen dagoen Mendizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan.
Aurtengo Hizkelan jardunaldia Arabako Foru Aldundiaren Lanabes egitasmoaren baitan izan da. Lexuri Ugarte Aretxaga Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren Zuzendaria izan delarik jardunaldian.
Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako Zuzendaria den Nicolas Sagarzazu Alzua, Mendizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Zuzendaria den Javier Otxoa de Alaiza eta Laneki elkartearen Presidente den Ainitze Blanco Etxaleku ere izan ditugu jardunaldiaren sarreran.
Hizkelan jardunaldia Lanbide Heziketa, enpresa, elkarte eta erakundeen zubi lanerako ekitaldi garrantzitsua da. Hau dela eta, jardunaldian bildu dira 120 inguru eragile eta protagonista: Lanbide Heziketako ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikariak eta zuzendaritzako kideak, Dualeko arduradunak, Hizkuntza Normalkuntza planetan murgildutako lantokietako kideak, erakundeetako arduradunak, elkarteetako kideak, eta orokorrean euskara teknikariak eta eragileak.
Elkargune izateaz gain, Lanbide Heziketa eta lan mundua euskalduntzean dauden egitasmoak ezagutu dira, ideia berri eta praktika onak partekatu dira, eta euskalduntze bidea errazteko baliabideen berri eman da, besteak beste.
Hizkuntza normalkuntzan eta Ethazin egin diren praktika eredugarrien berri eman dute hainbat ikastetxeetako ordezkarik. Hizkuntza Normalkuntzako 4 urteko plana azaldu dute Mendizabala LHII eta Egibide ikastetxeko ordezkariek. Aldiz klasez kanpoko ekimenen eta Euskara Batzordearen berri eman dute, Barrutialdeko BHI-ko, San Jorge LHII-ko eta Nazaret zentroko arduradunek. Komunikazio konpetentzia nola landu duten azaldu dute Armeria LHII-ko ordezkariek eta Bideotutorialen lehiaketa nola egin den azaldu du Meka LHII-ko zuzendariak.
Lanekitik, bilkuretan euskara bermatzeko proposamena luzatu da, Aldibereko interpretazioa bideoaren bidez.
Lanbide Heziketarako euskarazko materialen atalean Irale zerbitzua zertan den azaldu da eta Ekinbira eta Ikusgela proiektuak aurkeztu dira.
Ondoren, Lanbideko Kabinete Teknikoko teknikariek aurkeztu dute “Lanbide Heziketako tituludunen lan munduratzea eta euskara” ponentzia.
Lanbide Heziketako ikasle ohiak diren Asier Kidam ekintzailea eta Christian Gil, euskaraz formatu izanak lan munduratzean izan duen eraginaz aritu zaizkigu, euskara lan munduan balio erantsia denaren lekuko.
LH Duala euskaraz atalean, Lexuri Ugarte Aretxaga Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren Zuzendariak, Lanabes egitasmoaren berri eman du eta Osakidetzako Lehen Arretako hainbat arduradunek, LH Dualaren lehen esperientzia Osakidetzan nola izan den azaldu dute.
LANEKI OROIGARRIAK
Honetaz gain, Lanbide Heziketan euskara bultzatu duen lantoki zein norbanakoei egindako ibilbidea errekonozitzea helburu duen sari banaketa egin da; eta horretarako Laneki oroigarriak eman dira. Tomas Maguregi eta Ion Iartza izan dira omenduak eta honenbestez, Laneki oroigarria jaso dute Lanbide Heziketan eta lan ibilbidean euskaraz egindako bidearengatik.
Lantokiari ematen zaion Laneki oroigarria, Baiona Hortz Klinikari eman zaio, LH Duala euskaraz bertan egin dutelako Lanbide Heziketako ikasleek,urtez-urte.
Honenbestez, datorren urteko Hizkelan jardunaldia Gipuzkoan dagoen Lanbide Heziketako Goierri eskolan izango dela iragarri da eta jardunaldiari bukaera eman zaio.
HIZKELAN NAHIERAN
HIZKELAN ARGAZKITAN
BALIABIDEAK jakinbai.eus