Eusko Jaurlaritzak Languages Lanean kongresua antolatuko du Bilbon urtarrilaren 18an eta 19an

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan kongresua antolatuko dute 2024an. Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbo izango du egoitza, urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Museoan egingo baitira saioak.

Lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten praktika onak zabaltzea du jomuga kongresuak. Etorkizunari begiratzen dio kongresuak, sektore sozioekonomiko globalizatu bati, non hizkuntza-kudeaketa beharrezkoa den kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta merkatuan lehiatzeko.

Lehen edizioa 

Erakunde publiko-pribatuetako arduradunak izango dira protagonista antolatutako lehen edizioan. Tokiko zein nazioarteko entitateetako ordezkariak elkartuko dira, baita kulturaren alorreko adituak ere.

Urtarrilaren 18an, ostegunean, nazioarteko erreferentziazko erakunde eta enpresetako ordezkarien aurkezpenekin abiatuko da kongresua, hala nola, hezkuntza, industria, finantzak eta administrazio publikoa. Hurrengo egunean kultura arloko eragileen txanda izango da. Tartean, Pello Reparaz, Itziar Ituño eta Estibaliz Urresolaren esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango ditugu.

Izen emateak martxan daude dagoeneko hurrengo helbidean. Languages Lanean kongresua publiko orokorrari zuzenduta egongo da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude