Gaur, osteguna, 2021ko Arabako Enpresen Foroaren bigarren saioa egin da Europa jauregian (Gasteiz), Lanabes Araban Euskara Lanean-ek antolatuta.
Lehen saiotik harago, Arabako hainbat enpresetako eragilek euskara sustatzeko estrategiak bilatu dituzte. Irailaren 23an egin zuten lehen saioa, eta abenduaren 2an izango da hirugarren hitzordua. Egun horretarako enpresa bakoitzak erronkak zehaztuko ditu, eta baita hartutako konpromisoak ezagutarazi ere.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak iaz martxan jarri zuten foroa, Lanabes ekimenaren barruan, Arabako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Eta Bai Euskarari Elkarteak hartu du aurtengo foroa kudeatzeako ardura.
Erronkak zehaztu aldera parte-hartzaileak taldeka banatu dira eta, besteak beste, aholkularitza enpresek eskaintzen dituzten baliabideak ezagutu dituzte. Emun, Elhuyar eta AEK-k azaldutako baliabideak ezagutu dituzte; eta, horrez gain, Laboral Kutxak eta Osasuna Kirol Taldeak haien kasu praktikoak azaldu dituzte. Arabako hamabost enpresatik gora parte hartu dute gaurko saioan.
Foroaren helburu nagusienetako bat da erakunde barruan zein bezeroei begira euskara baliatzea; eta enpresek gainontzekoen esperientziak ezagututa bide horretan aurrerapausoak ematea. Eta bide batez elkarri lagunduta eta elkarrengandik ikasita, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatuko duen Arabako sarea sortzea.
Abenduaren 2an egingo den hirugarren saiorako izenematea zabalik dago.