Euskarak enpresari ematen dion balioa azpimarratu dute Arabako Enpresen X. Foroan

Sirimiri eta Oreka IT enpresek euren esperientzien berri eman diete Gasteizko Europa jauregian elkartu diren 28 enpresa eta eragile sozioekonomikoei.

Praktika on horietatik abiatuta Arabako enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko zein pausu eman beharko diren erabakitzeko lanean aritu dira bertaratutako kideak.

Arabako enpresetan euskara erabilera bultzatzeko eredu propioa lantzeko lanean jarraitzen dute lurraldeko eragile sozioekonomikoek. Lanabes egitasmoak gidatuta, Arabako Enpresen X. Foroa egin dute Gasteizko Europa jauregian, eta aurreko deialdietan gertatu moduan, oraingo honetan ere harrera beroa izan du deialdiak: 28 enpresa eta eragile sozioekonomikok hartu dute parte. Horien artean, nabarmentzeko izen batzuk: Mutualia, El Corte Ingles, Indesa 2010, SEA, Arabako Merkataritza Ganbera edo
Boulevard merkataritza zentroa. Praktika onen berri jaso dute horiek guztiek, eta foroaren amaieran talde lanean aritu dira Arabako enpresetan hizkuntza kudeaketa nola bideratu behar den adosteko.

Araban gaur egun egun badaude hainbat enpresa euskararen eremuan lan egiten ari direnak. Horien berri emateko euren esperientziak partekatu dituzte Sirimiri enpresa soziokulturalak eta Oreka IT informatika aholkularitzak. Arabako Enpresen Foroan aurkeztu dute zer egin duten euskararen erabilera areagotzeko, eta egindako lanaren
garrantzia azpimarratu du foroaren hasieran Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak. Hain justu, Lanabes proiektuaren sustatzaile denen izenean hitz egin du.

Mintzatratu dinamika, Sirimiri enpresan

Andoni Ramos Sirimiri enpresako langileak Mintzatratuen dinamikaren berri eman du. 2024. urte hasieran lankideen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko lanketa egin dute
enpresan, eta denetara 24 pertsonek konpromisoa hartu dute euskara gehiago erabiltzeko. Dinamikaren nondik norakoak aurkeztu ditu Ramosek: denbora tarte batean langile bakoitzak erabakitzen du zer egingo duen euskara gehiago erabiltzeko; zein lankiderekin zein egoeratan saiatuko den. Norberak erabakitzen du noraino dagoen prest ahalegina egiteko, eta horregatik emaitza positiboa izan dela uste du Ramosek. Azaldu duenez, gainera, lankide asko gustura sentitu dira dinamikak iraun duen denbora tartean, eta horrek aurrera begira euskara gehiago erabiltzeko motibazioa sortu du enpresan. Bertan egon diren enpresak antzeko dinamikak egitera animatu ditu, gainera.

Talde motibatuago eta kohesionatuagoa, Oreka ITn

Oreka IT informatika aholkularitzako Euskara Batzordeko bi kide ere izan dira foroan: Amaia Rubio eta Ione Bahon. Gasteizen sortutako enpresak hasieratik bertatik egin du
hautua zerbitzua euskaraz eskaintzeko, bezeroekiko konfiantza hizkuntzatik lortzea errazagoa zaielako, azaldu dutenez. Baina foroan giza baliabideetako kudeaketaren inguruan hitz egin dute. Euskara ere eremu horretan txertatua daukate, eta horri esker lortu dute euren sorterriarekin lotutako eredu bat. Euskara Batzordeko kideek azaldu
dutenez bide horri esker lortu dute talde kohesionatuago eta motibatuago bat osatzea, eta nabarmendu dute informatika aholkularitzako sektorean errotazio tasarik txikiena
daukatela. Eta horretan guztian euskarak ere bere garrantzia izan duela azpimarratu dute.

Euskalit-eko praktika onak

Arabako Enpresen foroan eredu on moduan katalogatu dituzte Sirimiri eta Oreka IT enpresen kasuak. Baina euskara eta enpresen munduaz hitz egiterakoan praktika on
gehiago ere badaudela azaldu du Galder Lasuen Euskaliteko ordezkariak. Bi enpresek hitzartzea amaitu ondoren igo da bera taula gainera, eta bertan aurkeztu du hizkuntzen
kudeaketan eragiteko praktika onen bilatzailea.

Euskarak enpresan izan behar duen lekua zehazten

Arabako Enpresen Foroan esperientzia positiboak entzuteaz gain, lan egiteko tartea ere egon da. Lanabes proiektuan garapen teknikoa ematen duen Ahize-AEK hizkuntza
aholkularitzako kideak aritu dira dinamika antolatzen. Bost taldetan banatu dira bertaratutako enpresa eta eragile sozioekonomikoak, eta denen artean hausnarketa egin
dute adosteko Arabako enpresetan euskarak zein leku eduki beharko lukeen. Martxoan egin zen aurreko foroan hasi zuten lanketa hori, jakiteko ea zein eremutan eragin beharko zen; X. Foroan enpresetan eragiteko praktika onek izan beharreko ezaugarriak identifikatzeko lana egin dute taldeka eta ondoren jasotakoak bateratu dira. Arrakastarako gakoak identifikatu dira eta erraztasuna eta eraginaren arabera ordenatzeko ariketa egin da, ideia berriak ere proposatu dira: enpresetan eragiteko dauden baliabideak ikusgarri egitea, Lanbide Heziketako praktikak euskalduntzeko ikastetxeak eta enpresak elkartzeko tresna sortzea, erakunde publikoek lizitazio, kontratazio eta jardunean euskararen erabilera txertatzearen garrantzia eta udazkeneko hurrengo foroan landuko diren beste hainbat proposamen jaso dira.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude