Euskara Lukuak. Lanabes

‘Euskara Lukuak’ plana abiatu du Lanabesek Guardia-Arabako Errioxako upategietan eta enpresetan euskararen erabilera areagotzeko

Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendaritzak sustatu eta Nekazaritza Sailaren lankidetzarekin, Guardia-Arabako Errioxan zerbitzua eskaintzen hasiko da Lanabes Zerbitzu Teknikoa, Euskara Lukuak izenburupean, ABRA eta Ardoaren Ibilbidearen laguntzaz. Helburua bertako upategietan eta enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta eragin biderkatzailea izatea da; horretarako, ABRA eta Ardoaren Ibilbidearekin eta haien bazkideekin egingo dute lan.

Lan honen guztiaren ardura izango duen AHIZE-AEK-ko aholkulariak hasiak dira egoeraren, aukeren eta beharren diagnostikoa egiten eta horretarako galdetegiak bideratzen. Horietan jasotako emaitzak oinarri, ekingo diote zerbitzua eskaintzeari.

Honako zerbitzuak eskainiko ditu Lanabesek:

  • Hizkuntza aholkularitza
  • Itzulpenak
  • Trebakuntza
  • Hizkuntza kudeaketak dituen onuren berri eman
  • Praktika onak zabaldu
  • Intereseko informazioa zabaltzea

Zerbitzu horiek eskaintzeko, Guardia-Arabako Errioxako hizkuntza premiak ezagutzeko lana egingo dute AHIZE-AEK-ko aholkulariek, besteak beste, ABRAren eta Ardoaren Ibilbidearen bazkide guztiei galdetegia helaraziz.

Horrez gain, ‘Ardoaren lurralderako’ euskararen erabilera areagotzeko gida sortuko dute, aipatutako elkarteen eta bertako zenbait enpresa eta eragileren laguntzaz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude