Enpresa arloan euskara sustatzeko erronkak lantzeko foroa, irailaren 23an

2020an Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden eta hizkuntza kudeaketarekin erantzunkizuna duten enpresekin foro bat eratu zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak lankidetzan, Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko asmoz. Foroak segida izango du 2021ean eta Lanabes, Araban Euskara talde eragileko partaide den Bai Euskarari Elkartea arduratuko da bere kudeaketaz.

Iaz foroan parte hartu zuten enpresen iritziz, guztion artean lortu behar dugu bai barruko harreman eta lanean zein kanpora bezeroekiko harremanetan euskara ere baliatzen duten edo baliatu nahi duten enpresa gehiago identifikatzea, elkartzea eta sare sendo bat osatzea, gaur egungo Arabako gizartearen isla izango dena. Bakoitzak bere egoera propioa dauka, bere helburuak ditu, bere erritmoa… baina helburua da elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea, lagungarriak izan daitezkeen ereduak eta baliabideak eskaintzea; eta, hala, elkarrekin erronkari aurre egitea Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzeko.

Aurten, enpresa bakoitzak bere erronkak identifikatuko ditu; eta, horrez gain, erronka horiei aurre egiteko administrazioek eta aholkularitzek zein tresna eta baliabide bideratzen dituzten ikusiko dugu. Gainera, beste enpresa batzuetan erronka horiei nola egiten dieten aurre ere ikasiko dugu.

Irailaren 23an egingo da foroaren lehen saioa eta, guztira, hiru saio izango dira: irailaren 23an, azaroaren 4an eta abenduaren 2an.

Ordutegia: 9:00 – 11:00

Lekua: Europa Biltzar Etxea (Gasteiz hiribidea, 85).

Foroan parte hartu nahi baduzu, eman izena hemen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude