Aldibereko interpretazio sistema euskara bermatzeko

Bilkuretan euskara bermatzeko aldibereko interpretazio sistema proposatu du Laneki elkarteak bideo baten bitartez

Euskararen erabilera bermatzeko helburuarekin, bilera eta ekitaldietan erraz erabili daitekeen aldibereko interpretazio sistemaren inguruko azalpen bideoa ekoitzi du Laneki elkarteak, Lanabes egitasmoaren barruan. Helburua batzarretan euskara sustatzea da hala nola, Lanbide Heziketako ikastetxeetako guraso bileretan.

Izan ere, ikastetxe zein ikastetxeetatik kanpo, maiz gertatzen den egoerari erantzuten dio sistema honek; bilera, aurkezpen, hitzaldi edota jardunaldietan euskara ulertzen ez duten pertsonaren bat egoten da, eta bera ez alboratzearren, gaztelaniara bihurtu ohi da bilkura.

Oztopo horri aurre egiteko, doako baliabideak baliatu daitezke. Izan ere, Telegram bezalako plataformaren bitartez, euskara ulertzen ez duten pertsonei hizlariek esaten dutena zuzenean itzuli ahal zaie.

Bideoan interpretazioak egin ahal izateko zuzeneko kanalak sortzeko urratsak jasotzen dira, baita horietara mugikorraren bidez modu errazean konektatzeko pausoak ere. Telegram edo horren antzeko aplikazioak deskargatu baino ez dute behar.

Bideoa Lanabesen YouTube kanalean dago ikusgai eta urriaren 18an Gasteizko Mendizabal LHIIn izango den Hizkelan jardunaldian ere jendarteratuko dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude