Joan den azaroan Arabako 35 establezimenduk euskararen
erabilera sustatu zuten beren negozioetan, kaleko jardueren,
tailerren eta lehiaketen bidez.
AENKOMERREK, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariek, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, euskararen erabilera bultzatu zuen egunerokotasunean Araban Bai jardueraren eta hizkuntzaren aldeko Bai keinuaren bitartez. Instagram eta Whatsapp bidez egin zen lehiaketarekin hasi zen jarduera. Ildo horretan, Arabako herritarrak gonbidatu zituzten argazkiak igotzera (Bairen keinua eta #ArabanBai traolarekin) eta parte-hartzaileen artean 40 euroko opari-bonoak zozketatu ziren
Azaroan zehar egin zen jarduera, eta merkataritzaren, ostalaritzaren eta euskararen hilabetea izan zen. Helburu nagusia izan zen euskararen erabilera eta presentzia gure kaleetan eta egunerokotasunean sustatzea, batez ere hain garrantzitsuak diren merkataritza eta ostalaritza sektoreetan oinarrituta. Izan ere, negozio horietako profesionalak herritarrengana iristen dira beren jarduerarekin, eta pisu espezifiko handia dute hizkuntza-paisaian.
35 establezimenduek kontuan hartu dute zerbitzu ona eskaintzea eta bezeroak ondo tratatzea oso kontu garrantzitsuak direla; beraz, euskara plus handia da, hots, aukera zerbitzu hobea eskaintzeko eta bereizteko. Garrantzitsua da berritzailea izatea eta gure eskualdearen erritmoa jarraitzea. Bertako dendek, tabernek eta jatetxeek konpromisoak hartu dituzte beren gain, eta euskararen aldeko urrats txikiak emango dituzte.
Ekitaldiak Gasteiz, Araia eta Guardiaren artean banatu ziren. Jarduera programa Araian hasi zen, Herriko Enparantzan, azaroaren 10ean, euskararen aldeko murala eginez. Astebete geroago, azaroaren 17an, Gasteizen, “Araban Bai Festa” ekitaldiak txanda hartu zuen. Abastos plazan, hainbat ekitaldi antolatu ziren: taloak egiteko tailerra, gaztelu puzgarria, musika, horma-pintura, haurrentzako ile-apaintzea eta makillajea, eta magia-ibilbidea Gastrotabernetan zehar.
Euskaraldian bete-betean geundela, euskara sustatzeko kanpaina honetan sariak eta aitorpena eman zitzaizkien parte hartu zuten establezimendu eta bezero irabazleei. Ekitaldia azaroaren 29an izan zen, Gasteizko Artium museoan. Arabako bira azaroaren 30ean amaitu zen; egun horretan euskarazko magia gerturatu zen Guardiara, bertako tabernetara eta haien
bezeroengana.