Arabako Enpresen Foroaren aurtengo azken saioa abenduaren 2an egingo da

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sortutako Lanabes ekimenaren barruan, aurten Arabako Enpresen Foroa antolatu da bigarren aldiz.

Dagoeneko bi saio egin dira, eta aurtengo azkena abenduaren 2an izango da, Europa biltzar etxean (Gasteiz), 09:00etatik 11:00etara bitartean.

Saio horietan enpresa bakoitzak euskararekin lotutako erronkak zehaztu ditu. Horrez gain, gainontzeko enpresek dituzten arazo edo kezken berri izan dute, baita horiei emandako konponbideenak ere. Gainera, Lanabes ekimenaren bultzatzaile diren erakundeek zein hainbat aholkularitza Arabako enpresek haien antolaketan euskararen presentzia sustatzeko dituzten laguntza eta baliabideen berri eman dizkiete.

Foroko bileretan bost erronka proposatu zaizkie parte-hartzaileei, euskara sustatzeko helburu dutenak: Hizkuntza gaitasuna; Erakundearen irudia; Kanpo komunikazioa; Barne komunikazioa eta lan tresnak; eta Pertsonen kudeaketa. Enpresa bakoitzak berea aukeratu du eta dagoeneko lantzen hasita daude.

Aurreko bi saioetan, administrazioen, aholkularitza enpresen eta antzeko erronkak landu dituzten enpresen adibideak ere jaso zituzten.

Hirugarren saioan, zenbait entitateren eskutik, euskara lanean txertatzeko adibideak jasoko dituzte. Han izango dira, besteak beste, Euskalit, HPS, Danobat Group eta Emuneko ordezkariak, adibide praktikoak eskainiz.

Parte hartzen dabiltzan enpresen artean, berriz, honakoak daude: Mutualia, La Vitoriana, Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak, EBA S.L., Ludoland, SEA Arabako enpresariak, Orona – Electra Vitoria, Ega Master, RPK, Uriarte Industrial, Oreka IT, Artepan-Mamia, El Corte Inglés eta Mondragon Korporazioa.

Abenduaren 2rako izenematea zabalik dago hemen.

Ikusi hemen parte hartu duten Uriarte Industrial, Electra Vitoria-Orona eta Oreka IT enpresetako ordezkarien testigantzak.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude