Egunotan Radio Vitoria-ko ‘Euskara Araban’ saioan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran elkarrizketatu dute, irailaren 23an egingo den Arabako Enpresen Foroaren harira.
Ostegun honetan, irailaren 23an, egingo da Arabako Enpresen Foroa Gasteizen, Europa biltzar aretoan. Izenematea zabalik dago eta bertaratutako enpresek euskararen alorrean emandako pausoak partekatuko dituzte.
Dobaranek Arabako Enpresen Foroari buruz eta baita ere Arabako esparru sozio-ekonomikoan euskararen gaur egungo egoeraz hitz egin du.
Dobaran baikor agertu da Arabako herrialdea euskara sustatzeko ematen dabilen pausoekin; eta enpresen esparruari dagokionez azpimarratu du enpresak oso modu naturalean eta motibazio handiz dabiltzala euskara haien kudeaketa planetan, kalitatean, barneratzen.
Dobaranek gonbidatu nahi izan ditu mota orotariko enpresak Arabako Enpresen Foroan parte hartzera. “Bakoitzak eman dituen pausoak, txikiak badira ere, garrantzitsuak dira; eta oso baliagarriak dira besteoi erakusteko”.
Hemen duzu aukera Arabako Enpresen Foroan izena emateko.