Foru Gobernuaren Kontseiluak onespena eman dio Araban euskara sustatzeko plan estrategikoari (2019-2022), eta haren edukia Batzar Nagusiei igorriko die.
1982an Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legea onetsi zenetik, Arabako Lurralde Historikoko herritarrek eta erakundeek ahalegin handia egin dute euskararen normalkuntzaren alorrean. XXI. mendean etorkizuneko ikuspegia izateko ahalegina egin behar delakoan, beharrezkoa da Araba eta bertako erakundeak lan metodo batez hornitzen jarraitzea, arabar gizarteak berak euskararen eremuan urtez urte eskatzen dituen helburuak eta beharrizanak epe labur eta ertainean zehazteko lagungarri izan dadin.
Helburua da euskararen erabilera maila guztietan sustatzea, euskararen ezagutza bizikidetza linguistikoko testuinguru bateko erabilerarekin lotuta, eta gizarte kohesiorako eta egintza kultural arabar eta euskalduna eraikitzeko faktore gisa. Helburu horrek, besteak beste, esku-hartze lerro estrategikoa du, Araban euskara sustatzeko plan estrategikoa (2019-2022) egitean datzana, hain zuzen ere. Horregatik, beharrezkotzat jo da Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren hirugarren plan estrategikoa martxan jartzea. Dokumentua Arabako gizartearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz eta herritar guztien eskubideak errespetatuz prestatu da, printzipio horietan oinarrituko baitira plan estrategikoaren helburuak eta neurri zehatzak. Eta planaren eragin esparruaren barruan izango dira Arabako Lurralde Historikoa eta Trebiñu.
Araban euskara sustatzeko plan estrategikoan (2019-2022) jaso dira Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren lehentasunezko esku-hartze ildoak, 2019-2022 aldian euskara sustatzeko ekintza esparruan.
Plana parte-hartzailea izatea nahi du Aldundiak, euskara sustatzeko politikak jorratzeko erreferentzia eta gidari izan dadin. Xedea lortzeko, oinarri eta estrategia berriak jorratu dira eta kontuan hartu dira lurraldetasuna, lidergoa, elkarlana, koordinazioa eta parte-hartzea, eta, era berean, plana eraginkorra eta neurgarria izango da, eta komunikazio estrategiak izango ditu, hiztun berriak ahalduntzeko eta erakundeak aktibatzeko.
Bide horretan, Arabako Foru Aldundia gidari izango da, baina elkarlanean arituko da Arabako euskara zerbitzuekin eta euskararen arloko gainerako gizarte eragileekin, eta helburu nagusia izango da hiztunak eta beren sareak aktibatzea eta lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea.
Horiek guztiak gauzatzeko, planak bi ardatz izango ditu: gizarte erabilera eta hiztun berriak. Lehen ardatzaren helburua da euskara erabiltzeko uneak eta guneak bilatzea, gizarte ekintzen bitartez euskararen erabilera areagotzeko. Gizarte erabileraren ardatzak beste bost ardatz izango ditu, euskararen gizarte erabilera hainbat alorretan sustatzeko: aisialdia, kirola, kultura, gizarte ekonomia, euskara hedatzeko baliabideak eta administrazioa.
Bigarren ardatzaren helburua izango da hiztun berriak lortzea eta, horretarako, proposamenak egingo zaizkie euskaraz sozializatzeko gizarteko hainbat alorretan. Hiztun berriak ere bost ardatzetan antolatu dira: haurrak, gazteak, familia, helduak eta etorkinak, betiere, pertsona helburu.
Planean bada hirugarren ardatz bat: kudeaketa eredua. Atal horretan lan egiteko modua deskribatzen da, alegia, nola kudeatu eta gauzatu nahi den plana; izan ere, garrantzitsuena ez da zer egin nahi den, baizik eta nola; hau da, axola duena kudeaketa, ebaluazioa eta komunikazioa da.
Gainera, ardatz bakoitzeko azpiardatz bakoitzean erronkak daude; gehienak oso zehatzak dira eta horiekin lotutako ekintzak ere jaso dira eta, beraz, erronka bakoitzean berariazko ekintza multzoak daude. Horrenbestez, planak, guztira, xede nagusi bat, 3 ardatz, 28 erronka, 15 azpiardatz eta 72 ekintza ditu.