Lazarraga Sariak 2022 saridunak

2022ko Lazarraga Sariak jaso dituzte Arabako bost entitatek, lan munduan euskaraz eroso aritzeko eredu izateagatik

Biosasunek, Errota Hortz Klinikak, Angosto Kanpinak, Emaize Sexologia Zentroak eta EBA S.L.-k jaso dituzte 2022ko Lazarraga Sariak, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendua, azaroaren 24an Gasteizko Artium Museoan.

LANABES ekimeneko kide den  Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin. Bertan, sariak banatu eta hitzaldi bana eskaini dituzte Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak. Ekitaldiaren aurkezpena Ane Pedruzok egin du.

 

 

Saridunak

Biosasun

Arabako Iurraldean eta Nafarroan kokatuta dagoen enpresa txiki bat da. Olibak dituzte lehengai eta produktu ezberdinak sortzen dituzte lehengai horretatik abiatuta. Errigora egitasmoan parte hartzen dute; Arabako Enpresen Foroaren aurtengo saioetan ere parte hartu izan du eta aurten, Euskara Plana jarri du martxan eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute. Epaimahaiaren iritziz, horrelako enpresa txiki batek euskara plana martxan jartzea balio handikoa da.

Biosasun. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.
Biosasun. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.

Errota Hortz Klinika

Bertako langileen gehiengoak euskaraz daki eta bezeroak euskaraz artatzeko aukera eskaintzen dute. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2014tik eta zerbitzua euskaraz emateko urratsak ematen dituzte urtero. Lanbide Heziketako ikasleek bertan Duala euskaraz egiteko modua dute, esaterako, eta azken aldagai hau izan da epaimahaiak nabarmendu nahi izan duena.

Errota Hortz Klinika. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.

Angosto kanpina

2019an Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuen eta urtero-urtero zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean lorpenak egiten ari da jarraian sarituko dugun entitatea. Errotulazioak euskaraz, bisitarientzat euskarazko hiztegia, bezeroentzak aurrekontu eta fakturak euskaraz… Azken urteotan azpimarratzeko eta saritzeko moduko lana egin dute euskararen arloan eta bertan sortzen den giroari arreta jartzea baino ez dago.

Angosto kanpina. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.

Emaize Sexologia Zentroa

Ohituta daude jendaurrean aritzen, hitzaldiak eta eskolak ematen, 25 urte baino gehiago baitaramatzate, ahal den guztietan euskara lehenetsiz, gainera, barne antolaketan zein kanpora begirako zerbitzuan. Sexualitatearen inguruko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: sexu-hezkuntza, prestakuntza, aholkularitza sexologikoa, terapia eta beste. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2016 urtetik.

Emaize Sexologia Zentroa. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.

EBA S.L. eraikuntza enpresa

80 bat lagunek osatuta dago eta ia enpresako sail guztietan dute euskaraz dakien pertsonaren bat. Hala, sail guztietan euskaraz zerbitzua eskaintzea bermatzen dute. Langileentzat euskara eskolak eskaintzen dituzte enpresan eta, horrez gain, kanpo-komunikaziorako euskarriak elebitan dituzte. Nabarmentzekoa da, era berean, harrerarako langilea kontratatzeko euskarazko profila eskatu dutela eta beste hainbat lorpen ere egin dituztela euskara lanean txertatzeko. 2021ean Arabako Enpresen Foroan parte hartu zuten. 2018 urtean eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. “Bidean” mailan badaude ere, urtero konpromiso berriak hartzen eta garatzen dituzte.

EBA S.L. Iturria: Bai Euskarari Elkartea.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude