Arabazan kontalarien elkarteak kontalaritzaren oinarritik abiatutako formakuntza saioak antolatu ditu

Norabide horretan kontalariek eurek elkarrengandik ikasteko formakuntza orokorra lantzea erabaki zuten, eta urtarriletik martxora bitartean egingo dute lehen urratsa. Ozaetan kokatuta dagoen Garaion sorgingunean izango da urtarrilaren 20an, otsailaren 17an eta martxoaren 16ean.

“Kontalaritza ez da existitzen, ez da arte bat, ez da ofizio bat kontsideratzen, eta bakarrik da bitarteko bat irakurzaletasuna sustatzeko edo entretenitzeko. Are gehiago, gaur egun, orain dela 40 urte bezalaxe, kontalariek zerotik hasi beharra dute. Horregatik, kontalarien eskola bat sortu nahi genuke”, hala diozku Itziar Rekaldek, Arabazan kontalarien elkarteko kide beteranoetako batek.

Kontalaritzak bere lekua behar du, izan zuena eta izan beharko lukeena: hari garrantzia eman, eta hari merezi duen lekua eta oinarria jarri. Horretarako elkartu ziren 2021ean Arabako hainbat kontalari, edo kontalaritzan aritzen direnak behintzat.

Elkarrengandik ikasteko antolatzea erabaki bazuten ere, ateak zabaldu dizkiote kontalaritzan sakondu eta partekatu nahi duen edonori ere.

Interesa duenak ez du formazio soil bat aurkituko; norberaren barrutik abiatutako kontalaritzaren lanketa bat baizik.

Interesatuek arabazanarabazan@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.