Euskara eta Berdintasun zerbitzuek, elkarlanean, eskualdeko ostalaritza establezimenduei euskararen erabileraren eta berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Landa-eremuko ostalaritzak paper garrantzitsua jokatzen du bere gertuko inguruan: elkarrekin egoteko, biltzeko, harremanak egiteko eta sendotzeko funtsezko gune bat eskaintzen digute. Euskarak eta berdintasunak lekua izan behar dute bertan, herritarrok eroso egon gaitezen, eta, horrekin lotuta, Gorbeialdeko jatetxe eta tabernak euskararen eta berdintasunaren aldeko lanean ari dira.

Konpromisotik kanpainaren helburua ere horixe da. Gorbeialdeko Kuadrillako euskara eta berdintasun zerbitzuek, elkarlanean, eskualdeko ostalaritza establezimenduei konpromisoa hartzeko gonbidapena luzatu nahi diete: euskararen erabileraren aldekoa, batetik; eta berdintasuna lantzera begirakoa, bestetik.

Kanpainaren abiapuntu modura, honako bideoa grabatu dute hainbat ostalarik.

Bideoaren protagonistak, hauek:

-Lucía (Lolaenea, Izarra).

-Susana (Zuia Plaza kafe, Murgia).

-Itziar (Eki, Aramaio).

-Amaia, Alfredo y Maialen (Errekatxo, Acosta).

-Eneko (Mi castillo de arena Ekotaberna, Zurbano).

Aipatutako establezimenduek konpromisoa hartu dute jada: TIK bat (✔) jarri dute beren negozioetan. Hemendik aurrera, Kuadrillako teknikariek eskualdean dauden 60 inguru taberna eta jatetxeri egingo diete gonbidapena, kanpainara batu daitezen. Eta, horrekin batera, herritarrentzat ere badoa deia: denon artean, konpromisotik, goza dezagun gure ostalaritza-zerbitzuez, euskaraz eta jarrera matxistarik gabe!