“Komunikazioak zer behar duen? Sormena!”
“Soziolinguistika hiztegi txikia”. Hala du izena Oihaneder euskararen etxeak eta UEUk elkarlanean antolatutako ikastaroak, 2019ko urtarriletik maiatzera martxan dagoenak. Asmoa, hilabete bakoitzean gizartearen esparru bat soziolinguistikaren ikuspegiarekin aztertzea da, Arabako errealitatea aintzat hartuta, eta esparru bakoitzean lanean ari diren adituen laguntzarekin.
Komunikazioa izan zen otsaileko saiorako aukeratutako gaia; eta, hala, otsailaren 26an, Oihanederren elkartu ziren, batetik, Gartzen Garaio, Aiaraldea ekintzen faktoriako kidea (“Aiaraldea ekintzen faktoria: komunikaziotik komunitate proiektu integral batera” izenburudun hitzaldia eman zuen), eta, bestetik, Goio Arana eta Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakasleak, “Sormen-ekosistema bat euskarazko komunikazioarentzat” izenburupeko hitzaldiarekin. Azken ekarpen honengan interesa jarri, eta Goio Aranari eskatu diogu Oihanederren azaldutakoaren berri emateko, Euskaraban argitara dezagun.

Argazkia: UEU-Irati Iciar
Goio Aranak eta Aitor Zuberogoitiak Euskal Herriko panorama komunikatiboaren diagnosi azkar bat egin zuten saioaren hasieran. Egoera oso azkar aldatu da aken urteotan, beraien esanetan: euskarri tradizionalak (prentsa idatzia, telebista…) krisian daude, eta aktore berri asko sartu dira jokoan; adibidez, orain arte datuen transferentziaz arduratzen ziren eragileak (youtube, telefono konpainiak…) esparruan sartu dira bete-betean. Horrek, sektorearen beraren izaera ere aldatu du.
Euskal Herriari dagokionez, datu zehatzagoak ekarri zituzten hizlariek. Prentsa idatzia behera joan da, baina Eusko Jaurlaritzaren azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 800.000 irakurle potentzial ditugu gaur egun. Irratiaren kasuan, irrati publikoek oso datu onak dituzte: 136.000 entzule Euskadi Irratiak, eta 110.000 Gazteak. Eta, azkenik, telebista dago: ETB da euskaldunon telebista-erreferentzia mediatikoa, eta datuak oso txarrak dira.
Goio Aranaren esanetan, diagnostiko horren gakoetako bat euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioan dagoen zuloa da; gainera, bereziki nabarmena da zulo hori fikziozko ikus-entzunezkoetan. Estandarra garestia da, baliabideak urriak dira (800.000 irakurle potentzial izatea asko da, baina 800.000 ikus-entzule potentzial izatea gutxi da), eta ez da benetako apusturik egiten. Gazteena da interesatzen zaigun xede-talde nagusia; kontuan hartuta gero eta telebista gutxiago kontsumitzen dutela, eta euskarazko telebista are gutxiago, gauzak egiteko modua aldatu beharra dago, beraien esanetan.
Irtenbide bakarra sormena dela defendatu zuten bi hizlariek. Euskal Herrian, denok gaude kondentatuta sormena bultzatzera: produktu originalak, dibertigarriak, apur bat merkeagoak behar ditugu. Flandriarren adibidea aipatzen du Goio Aranak, eredu gisa: erabaki dute estrategikoak direla ikusentzunezkoak, sormena ardatz, eta ikusentzunezkoen sektorearen, administrazioaren eta unibertsitatearen arteko harreman egonkorrak sortuta lortu dute esparrua bultzatzea. Merkatu librearen legeen aurrean, hizkuntza txikiek bestelako estrategiak behar dituztela argi ikusten da, era horretako adibideekin.

Argazkia: UEU-Irati Iciar
“Soziolinguistika hiztegi txikiaren” hurrengo saioa martxoaren 26an izango da, eta hezkuntzaren esparrua izango du ardatz, Leire Diaz de Gereñu eta Naiara Berasategiren eskutik.