Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montauk taldeek Gasteizen musika zigilu berri bat sortu dute. Gu Jon Aranburu koordinatzailearekin egon gara eta egungo musika egoeraren inguruko hainbat zantzu eman dizkigu.

-Nola piztu zen zigilu bat sortzeko ideia?

Autoekoizpen gisa argitaratu behar genuen Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montauk taldeek geure diskoa. Hainbat disketxetatik pasa ostean autoekoizpenerako bidea hautatua genuen hirurok eta, indarrak biltze aldera, era bateratuan geure lanak elkarrekin aurkeztu eta hedatzea erabaki genuen. “Marka” berdinaren estalpean indarra handiagoa egin dezakegula uste dugu.

-Zerk eragin du Erraiaren sorrera?

Diskoak autoekoizteak zure lanaren gaineko kontrol erabatekoa dakar. Baina lan karga handia ere eragiten du eta oso lan indibiduala bilakatzen da sarritan. Egoera horri aurre eginez eta taldean aritzeak dakartzan onurak bilatuz sortu da zigilua. Promozio eta zabalpen aldetik elkarlanean arituko gara eta sortzen diren kezkak eta oztopoak gainditzeko lagun arteko plataforma dugu.

-Hasiera honetan, Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montauk taldeok osatu duzue zigilua. Zerk batu zaituzte hirurak?

Hurbiltasunak batu gaitu. Joseba B. Lenoir Izaki Gardenak taldeko kidea izan zen, kide guztiak Hala Bedi irratiko 3 kortxea saiotik pasa gara… Gasteizen bizi gara hiru taldeak eta hurbiltasunak elkartu gaitu. Lagun arteko girotik sortutako egitasmoa da, Gasteizetik sortua eta kezka konpartituek eraman gaituzte elkarrekin indarrak biltzera.

-Musika estiloak, hizkuntzak, hiriak, egoerak… zein dira zigilu bat sortzera eraman zaituzteten arrazoiak?

Esan bezala, aurretik taldekideon artean genuen harremanak batu gaitu. Etorkizunean Gasteiztik haratagoko jauzia egin litekeen arren, Gasteizen sortutako zigilu gisa aurkezten dugu, momentuz geure hiriburuan sortutako doinuei oihartzuna eman nahi diegulako. Horretaz gain, estiloan ere badaude loturak hiruron artean. Bakoitzak bere adarrak hautatzen dituen arren, badaude ildo komun nabarmenak. Eta hizkuntzak ere, beste edozein arlotan bezala elkartzera eraman gaitu.

-Zigilu zareten aldetik, zelakoa izango da zuen jarduna? Elkarlana nola gauzatuko da?

Diskoen zabalpena eta aditzera ematea izango da elkarlanean egingo dugun lana. Durangoko azokan, esaterako, stand bat izango dugu Erraiaren izenpean. Disko bat sortua dagoen unetik; hau da, sorkuntza prozesua amaitzen den unetik, entzulearen belarrietara iristen den uneraino sartzen diren faktorretan eragingo du zigiluak.

-Zergatik Erraia?

Sustraietara lotua dagoen musika egiten dugu, gure erraietara errotua dagoena. Gasteizen erraietatik abiatutako proiektua da eta, autoekoizpenak izanik, geurea den zerbait, geure-geurea.

-Durangoko azoka laster iritsiko da, izango dugu bertan Erraia-ren presentzia? Zer lan izango dira bertan?

Bai, Durangoko azokan Erraiaren stand propioa izango dugu; bertan, hauexek izango dira: gure lehenengo erreferentzia den Joseba B. Lenoirren singlea; Izaki Gardenak taldearen Dena oskol lan berria; eta Montauk-en Geruzak disko berria. Abenduaren 6an, gainera, Ahotsenean Izaki Gardenak-ek eta Montauk-ek diskoak zuzenean aurkeztuko dituzte .