
Lanabes zerbitzu teknikoa euskararen erabilera sustatzen dabil Guardia Arabar Errioxako lan esparruan; Ardoaren Ibilbidea eta ABRA aitzindariak dira pauso horiek ematen.
Kuadrilla honetan urrats garrantzitsuak ematen dabiltza lan eremuan euskara sustatzeko. Lanabes zerbitzu teknikoak inguruko upategi eta enpresentzako zerbitzuen katalogoa eskaintzen du: itzulpena, aholkularitza, hizkuntza irizpideak zehazteko diagnostikoak, webguneak itzultzeko laguntzak, telefonoa hartzeko ikastaroak eta e-postak euskaraz bidaltzeko ikastaroak.
Eta orain, zehazki, ABRA upeltegien elkarteak eta Ardoaren Ibilbideak urrats handiagoa eman dute euskara bultzatzeko beren barneko eta kanpoko dinamiketan. Lanabes zerbitzu teknikoaren laguntzarekin, hausnarketa prozesu batzuk jarri dituzte abian, eta bazkideek hainbat galdetegiri erantzun diete. Horrekin, Lanabes zerbitzu teknikoak diagnostikoak sortuko ditu, haien beharrei erantzuteko.
Ardoaren Ibilbideak-eko Joana del Hoyok oso datu argigarria eman du: “Guardia–Arabako Errioxa bisitatzen duten pertsonen %75 Euskal Herrikoak dira; beraz, eskaintzan euskararen erabilera gehituz gero, bisitarien esperientzia eta gogobetetasuna areagotuko lirateke”.
Horren gainetik, baina, Ardoaren Ibilbidea-eko ordezkariak sustraietan, nortasunean, eragin nahi izan du: “Euskararen erabilerak nortasun bat ematen digu, garena da. Eta, batez ere, Guardia-Arabako Errioxaren kasuan, oso garrantzitsua da, geografikoki non kokatuta gauden ere nahastu ohi dutelako”.
Ahize-AEK-ko Maialen Begiristainek eskertu egin du ABRAk eta Ardoaren Ibilbideak prozesu hau gidatzen eta eskualdeko negozio txiki guztien zubi lana egiten betetzen duten funtzioa. Gainera, oso modu positiboan baloratzen ditu emandako pausoak: “Harrera oso ona izan da. Gainera, ulertu behar dugu negozio gehienak txikiak direla, eta laguntza oro ondo datorkiela, eta eskertzen dutela”.
Entzun hemen elkarrizketa osoa: