Azaroaren 17an Araban euskarak bizi duen egoera aztertuko dugu Euskaltzaindiaren Jagon jardunaldian
‘Araba, euskaraz bidea egiten’ izango da aurtengo Jagon jardunaldiaren goiburu eta azaroaren 17an egingo da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Ortuño aretoan, 9:30etatik 14:00etara. Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek parte hartuko du.
Aurreko mendeetan atzerakada gertatu ondoren, azken hamarkadetan nabarmen egin du hobera euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide jardunaldian. Jakina denez, Jagon sailaren zeregina da “euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea, helburu hauek guztiek ziurtatuko dutelako euskararen biziraupena”, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak berak prentsa aurrean azpimarratu zuenez.
Gonzalez de Viñaspreren iritziz: “Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia izango dute euskarazko hedabideek”.
Iñaki Martinez de Luna -urgazlea eta soziologoa-, Sagrario Aleman -euskaltzaina eta Sustapen batzordeko burua-, eta Roberto Gonzalez de Viñaspre -Euskaltzaindiaren ordezkaria Araban-Gasteizko Oihanederren.
Komunikabideen pisua
Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. “Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide” aurreratu du. “Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskal teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritza peto-petoak hartuko du hitza, hala nola Oihaneder, Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko Geu eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek. Azkenik, euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2…). Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez, bidean izandako oztopoez nahiz etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da. Baina jardunaldi dinamikoa egin nahi izan dute, eta, horregatik, entzuleek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien zalantza edo ikuspuntuak hizlariekin partekatuz”.
Egitaraua
Jardunaldia goizeko 9:30ean abiatuko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren sarrerarekin. Urrutiarekin batera egongo dira Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera.
Sarrera-hitzaldien ondotik, Arabako egoeraren eta bilakaeraren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatuko dira mahai-inguru batean. Parte hartuko dute Agurtzane Ortiz de Landaluze Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak, Asier Etxenike Aztikerreko zuzendariak, eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko Kale Neurketako zuzendariak. Iñaki Martinez de Lunak egingo du moderatzaile lana.
11:00etan erakundeetako euskara teknikarien txanda izango da eta, jakina, AFAk ere hartuko du parte Jokin Larrañaga Euskara Foru Zerbitzuko buruaren eskutik. Harekin batera arituko dira Alex Vadillo (Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua), Leire Sueskun (Errioxako Kuadrillako Euskara teknikaria) eta Manex Agirre (Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikaria), Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain urgazlearen esanetara.
12:00etatik aurrera Arabako euskaldunak aktibatzeko azken urteotan egindako ahaleginak aletuko dira. Horretarako, Oihanederreraino hurbilduko dira Asier Lafuente (Aguraingo 75 Ordu Euskaraz ekimeneko kidea), Maddalen Agirre (GEU Elkarteko teknikaria), Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria eta Lazarraga Kultur Elkarteko kidea); Pilar Ansotegi (Gutxisolo Elkarteko kidea), eta Josemi Reguero (Gasteizko IKAko arduraduna). Ane Pedruzok moderatuko du mahaia.
13:00ak aldera, azkenik, gure hizkuntza bultzatzeko euskarazko hedabideen garrantzia azpimarratuko da. Horretan jardungo dute Alberto Barandiaran HEKIMENeko zuzendariak, Aritz Martinez de Luna ALEAko koordinatzaileak, Izar Mendiguren Aiaraldea hedabideko zuzendariak eta Jon Sanchez Hala Bedi Biko kazetariak, Itsaso Estarronaren batutapean.
Dena den, azpimarratu beharra dago Jagon jardunaldia ez da egitasmo zarratu bat, eta entzuleek aukera izango dutela hizlariek esandakoaren haritik beren zalantzak edota ikuspuntuak agerian jartzeko. Guztien ekarpenekin urrats bat gehiago egingo da Araban euskararen normalizazioa errealitatea izan dadin.
Euskal herritar guztientzat izango dira zabalik ateak azaroaren 17an Oihaneder Euskararen Etxean, baina aforoa kontrolatzeko komenigarria da aldez aurretik izena ematea honako kontaktu hauetan:
info@euskaltzaindia.eus helbidean, nahiz (0034) 944158155 telefono zenbakira deituz.