Kontalaritzan aritzen direnek osatutako Arabazan elkarteak antolatuko ikastaro trinkoaren bigarren saioa otsailaren 17an egingo da Garaion Sorgingunean.

Kontalaritzan aritzen direnak batzen dituen Arabazan elkartea 2021ean sortu zen, ofizio hori duintzeko eta bere lekua emateko helburuarekin. “30 urte baino gehiago daramatzat kontalaritzan eta ikusten dut kontalari berriek zerotik hasi behar dutela gaur egun ere. Hori ekiditeko elkartea sortzea erabaki genuen”, diozku elkarteko kide Itziar Rekaldek.

Are gehiago, Rekaldek honako azpimarratu du: “Badago uste bat kontalaritzen aritzea erraza dela, nahiz eta ez den horrela, uste baino zailagoa da. Kontalaritza ofizio bat da, egitura eta arau propioak dituelako eta horretan trebatu beharra dagoelako”.

Horregatik, Araban kontalaritzan aritzen diren hainbat pertsonek behar hori aldarrikatzeko elkartea sortzearen beharra ikusi zuten; eta, era berean, kontalariak eurak gehiago trebatu eta publikoari zein programatzaileei mezu hori helarazteko.

Jomugan eskola baten sortzea izanik, lehenik Kimua izeneko lehen ikastaro trinkoa antolatu dute, Garaion Sorgingunea-n egiten dutela. Larunbat honetan, otsailak 17, bigarren saioa egingo dute, 10.30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara bitartean. Itziar Rekaldek gidatuko du eta landuko dituzte, besteak beste, kode narratiboak, testuingurua eta erregistroak. Interesa duenak arabazanarabazan@gmail.com e-posta helbidera idatzi beharko du.

Igandean, Charo Pita-ren kontakizuna eta solasaldia

Bestalde, ikastaro trinkotik kanpo, biharamunean, otsailaren 18an, Charo Pita kontalaria izango da gune berean, Garaion Sorgingunean. 13:00etan kontaketa egingo du; eta 16:30ean kontaketari buruzko solasaldia gidatuko du. Sarrera librea da, edozeinendako.

Charo Pita Galiziako kontalari eskarmentuduna da eta Tolosan antolatutako Ahoz Aho jaialdiaren bitartez etorriko da Euskal Herria.

Entzun hemen Arabazan elkarteko Itziar Rekalderi egindako elkarrizketa osoa: