Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak emandako Gazte Sortzaileak bekari esker, Irantzu Lekue (1987) artista gasteiztarrak Eraldaketa: Sortzaile(on) afera egitasmoa abian jarri du Araban zehar. Emakume artista gazteen lana argitara eman eta sorkuntza prozesua hartzaileari hurbiltzea du helburu proiektuak. Harekin egon gara Euskarabatarrok luze eta zabal.

-“Eraldaketa. Sortzaile on afera” du izenburua egitasmoak. Errealitatearen arteranzko transformazio prozesuan, hau da, sorkuntza prozesuan jarri duzue arreta. Zer garrantzia du prozesua azaleratzeak?

Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sormenari erreparatuko dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina emakumezkoen ikuspegitik. Sortze prozesuan erreparatu nahi dugu arreta. Proiektua jaio da ohiko sekuentzia iraultzeko apustutik. Kulturaren berezko balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa, nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina hau guztia sorkuntza-prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren garapena bigarren fase batean utzita. Normalean, bai sormenean, bai enpresa-munduan… produktu bukatuak hobesten dira. Bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini ohi zaio “kontsumitzaile” edo kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza-prozesua artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Ondorioz, uste da produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile bihurtu? Horregatik, “Eraldaketa: SortzaileON afera”-ren helburua da prozesu hori erdigunean jartzea, prozesua, bidea, komunitatean egiteko / eragiteko aukera eskaintzeko. Prozesua artistei ez ezik, interesa duen orori ere gerturatzeko, artearekiko eta kultur sorkuntza-prozesuekiko interesa pizteko. Kultura jorratzeko ikuspuntuak alderdi anitzekoa izan behar duen garai honetan -hezkuntza, ingurumen, alor ekonomiko eta sozialen gaineko garapen- eta eragin-faktorea delako, eta norbanako kritikoak horrela sortzen direlako-, proiektuaren xedea da alderdi anitzeko ekimenerako jauzia egitea, gazteria, emakumea eta garaikidetasuna, Araba, oinarri.


-Izenburuak “ON” azpimarratua dakar. Arabako emakume sortzaileen aktibazioa ere helburu du egitasmoak?

Bai. Bi helburu bereizten ditut hor dena den. Batetik euskaldunak garen sortzaileon aktibazioa lortu nahi dugu baita hemen gaudela ikusaraztea ere. Asko dira euskarazko sortzaileak Araban, geroz eta gehiago zorionez baina ez dut uste behar moduan ikusarazten gaituztenik eta lan hori ezin dugu beste batzuen esku utzi. Gure lana da eta egitasmo honek bide horretan harri bat jarri nahi du. Ez da mugarri bat izango baina ekarpen zintzoa izateko jaioa da.

Bigarren helburua publiko euskaldunak ugaritzea da, handitzea. Garrantzi itzela du, adibidez Oihaneder Euskararen Etxeak. Halaber, garrantzia dute Baratza moduko proiektuek eta arte bisualen, plastikoen aldetik, gure ekarpena egiteko sortu genuen ARTgia sorgune & aretoak ere bai. Eraldaketa: sortzaileON afera proiektuak helburu bera du: publiko euskaldunak artera erakartzea, publiko horiek indartzea eta horretarako, herriz herri egingo dugun bira.


-Prozesua erakusteak eta sekretuak agerian uzteak, jende berria erakarri lezake artearen mundura?

Horretan gaude. Sorkuntza-prozesuei erreparatzeko, artisten lana gertutik ezagutzeko, berezitasunak edo beharrezko elementuak identifikatzeko, Eraldaketa: SortzaileON afera proiektua ahozkotasunetik abiatuko da, zertarako eta esperientziak ezagutarazteko, eta sortzaileei ahotsa, hitza eta protagonismoa emateko. Ahozkotasunetik abiatuko da, baina saioak XXI. mendeko tresnen bidez munduratuko dira. Hau da, saioak zuzenean eskainiko dira sare sozialen bidez, euskal kultura, kultur kontsumoa, sorkuntza- eta sormen-prozesuak hizpide. Hori guztia emakumeen eta gazteen ikuspuntua txertatuta egingo da, emakumeekin eta gazteekin batera. Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi. Publiko berrietara iritsiko gara bai ala bai proiektua hiritik ateratzeko apustua egin dugunetik.

-Sortzailearen eta publikoaren arteko distantzia murriztu egin al da?

Gure ustez handia da oraindik, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko? Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko? Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko?

Hamaika galdera egin dizkiogu geure buruari gaiaren inguruan eta, agian, erantzun zehatzik ez dugulako aurkitu ekin diogu proiektuari. Proiektua prozesuala denez, proiektua egin ahala erantzun berriak aurkituko ditugula uste dut-eta… hori da politena: bukatuta ez dagoen proiektu bat sortuko dugunez, horrelakoak ere bidaian ikusi eta barneratuko ditugula.
Zer da bideo-artea?

Lan batean baliabide digitalak eta teknologikoak txertatzeari bideo-arte esaten diogu, eta ikus-entzunezko sormena eta bisuala jorratzen ditu. Hala, ikusleen emozioak azaleratu egiten dira, eta norberaren egoerari buruzko hausnarketa bultatzen da. Gaur egun, zinemaren, digitalizazioaren eta artearen arteko mugak mugitu egin dira, eta, ondorioz, elkarren arteko harremana sortu da; hori dela eta, mundu osoan zehar, 60ko hamarkada aldera, korronte artistiko garaikide gisa hasitako bideo-artearen adierazpenen eta kontzeptuaren susperraldia bizitzen ari gara. Artea zabaltzeko eremu berriak eta arte-joerak sortzeari dagokionez, modu berriak etengabe sortzen ari diren unean, bideo-arteak lagundu egin du, adierazpen artistiko garrantzitsuenen (arte digitala eta Net Art, kasu) aurrekari nagusia izanik.

Gure kasuan, grabaturiko elkarrizketen bidez, hausnarketa eragingo da. Haietatik sentimenduak edo emozioak atera, eta gauzatuko dira naturan egingo diren esku-hartzeetan eskuraturiko beste irudi batzuen bitartez (euskal kulturaren baitako natur elementuak, esaterako, egurra, ura, lurra, etab.), baita objektuetan, berriz editaturiko piezetan, edo aktoreen antzezlanetan eskuratutakoen bidez ere.

Horrekin guztiarekin, bideo-arte bat osatuko da, hainbat istorio muntatuta. Hala, modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasoko dugu, haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri. Oro har, nork bere burua gainditzeko mezua zabalduko du sareko lanaren, irmotasunaren, eta emakumeek eginiko artea, haien lan didaktiko, kritiko eta artistikoa ikusgai jartzeko beharraren aldeko mezua. Hori guztia esperimentazioan oinarrituta eta izaera aldarrikatzailez.
-Orainaldian
Gazteria eta esperientzia uztartu nahi izan ditugu. Oraina eta etorkizuna, emakume sortzaileon ikuspuntutik eta euskaraz, baina Arabako marka utziz. Hau da, 14 hizlari sortzaile izango ditugu. Horietatik 9 dira arabarrak. Asko gazteak, Paula Amilburu, Yanela Murua edo Izar Mendiguren-en kasuetan bezala. Blanka Gomez de Segura, Ollerietan dagoen Buztinaren Euskal Museoaren arduraduna da nagusiena eta duen esperientzia balorean jarri nahi izan dugu. Etorkizuna irudikatzeko guretzako baloreak diren eta dituzten pertsonak batu nahi izan ditugu proiektura.
-Ahozkotasuna oinarri izango dela diozue. Zer eratan landuko da ahozkotasuna?
Hitzaldien bidez. Zortzi dira guztira egingo ditugun hitzaldiak. Denak grabatu egingo ditugu eta ondoren, bideo-arte pieza bat osatuko dut. Horrekin guztiarekin, material guztiarekin, erakusketa bat antolatuko dugu Gasteizen aurkeztuko dena baina, ondoren, Arabako herrietatik barrena mugituko duguna. Horretan ari gara AFA eta Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuekin lanean eta dena ondo ateratzen bada… herriz herri mugituko dugu. Helburua hausnarketak sorraraztea da.
-Kulturaz ari gara. Emakumeez ari gara. Euskaraz ari gara. Kultura, egun gizartearen arlo gutxitan egonik, emakumearen egoera gutxiarazia aintzat harturik eta euskara hizkuntza gutxitua izanik, zer balio dute gutxituei argi ematea helburu duten egitasmo hauek?
Ahalduntzea da balio nagusia. Bai, egia da; gutxituak, gutxietsiak, gutxiaraziak… Bada ahalduntzeko garaia. Guk egiten ez badugu ez du inork egingo eta ahalduntzeko, gainera, geuk egin behar dugu. Geure burua biktimizatzea da egin dezakegun gauzarik okerrena. Ezin gara aurrera joan: ezin dugu ia ezer egin zama handi bat dugulako gainean. Lucio Urtubiarekin, Parisen, arduraren kontzeptua ikasi nuen, nolabait, barruraino sartu zitzaidan. Ardura dugunean soilik izan gaitezke libre. Egoerak mozteko aske. Erabakiak hartzeko aske. Hanka sarteko. Asmatzeko. Amesteko. Horretarako libre behar gara izan, hau da, ardura hartu behar dugu. Eta horregatik ere ari gara hau egiten. Horretarako ahalduntzea beharrezkoa da.
-Azken urteetan norakoa aldatzen ari den arren, artearen munduan gizonezkoen obra da nagusi.
Hala da. Gizonezkoa, 50 urte ingurukoa, heterosexuala eta zuria. Karikatura bat izan daiteke eta neurri batean bada.
Kontua da ezin garela horretan geratu. “Old school” horri errespetua zor diot nik gutxienez. Errespetua diot. Eta belaunaldi berri bat ate joka dagoela uste dut. Bere baloreak, markoa, diskurtsoa, hizkuntza, erlazionatzeko erak… sortzeko dituen belaunaldia gara. Erronka hitza etortzen zait burura honen aurrean. Emozioa sentitzet dut. Belaunaldi potentea datorrela uste dut eta aipatutako guztiari heltzeko baloreetatik hasi behar gara. Guk hemen sormena, emakumea, euskara eta garaikidetasuna proposatzen ditugu.
-Azken bi urteetan Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak abian jarritako Gazte Sortzaileak bekari esker, arabar gazteen hainbat eta hainbat ekoizpen artistiko sortu dira. Zer garrantzia dute horrelako laguntzek?
Uste dut garrantzi handia dutela gobernuek deialdi asko sustatzen dutelako baina.. zenbat dira euskara hutsez produktu berriak ekoizteko? Edo zenbat euskara hutsez ez bada %100ean ere, euskaraz sortzeko. Oso gutxi daude. Eta Araba bezalako herrialde batean.. bada horretarako beharra, ezta? Kalitate handiko produktuak ekoiztu direla azken urteetan esango nuke gainera. Araban betidanik sortu izan dira esperientzia berritzaile eta interesgarriak. Hertzainak taldea datorkit burura, adibidez. Gure izate berezi hori gehiago probestu, profitatu beharko zela uste dut. Eta Gazte sortzaileak egitasmoa horrexegatik da hain beharrezkoa eta hain interesgarria.
-Araban eta Gasteizen euskaraz sortzen ari direnak asko dira, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Zeintzuk izan litezke euskarazko sormena hazteko bideak? 
Gazte sortzaileak deialdia gazte sortzaileentzako da bakarrik. “Nagusi” sortzaileentzako ez da horrelako ezer. Noizko Arabako sortzaileentzako horrelako deialdi propiorik? Interesgarria litzateke, ezta? Aurrekontuak osatzeko akordioa erdietsi zutenean EAJk eta Alderdi Popularrak finantziazio gehiago adostu zuten Arabako kulturarentzako. Horrelako deialdiak sortu daitezke diru horrekin? Zer egin daiteke? Nola kudeatu daiteke alor publikotik euskarazko sorkuntza, arte eszenikoetakoa, bisualetakoa edo niretzat garrantzitsuenak diren hibridazio artistikoak sustatzeko? Adina bereizten duen ezaugarririk gabe, noizko? Ez dakit diru horrekin ala beste partidetatik hartuta, baina kontua interesa badagoen ala ez dagoen neurtzea da. Interesa baldin badago egingo da. Baina, horretarako, ahaldundu egin behar gara. Ezagutu. Publikoak sortu… Eta uste dut bide horretan ari garenik.
-Nola erakar daitezke gazteak euskaraz sortzera, mainstream-a eta eredu arrakastatsu guztiak erderaz edo elebitan eginak direnean?
Arazo berbera dugu euskaraz ekoizten diren gauza guztiekin, uste dut. Nik neure ekarpena arte plastikoen alorretik. Euskaldunberria naiz baina sustraietara jotzen saiatzen naiz. Deigarria iruditzen zait euskal artistek euren lan eta produktuei soilik ingelesezko izenak jartzen dizkietela ikustean. Modan egongo da eta modan egongo dira. Ondo. Neure lana badakit zer zentzutan bideratu nahi dudan, nora eta zergatik. Erabaki kontzientea da. Nik nahi dudana. Eta gazteek bata ala bestea aukeratzeko, bi aukera behar dituzte mahai gainean izan. Eta alor guztietan dute aukeratzeko?
Kalitatea dagoenean, Errementari edo Handia erabiliko ditut adibide moduan, jendeak euskarazkoa aukeratzen du. Baina kalitatea egon dadin apustua behar da egon, eta apustua egitea dirua jartzea da. Eta hanka sartzea, eta ikastea. Kalitatezko produktua ekoizteko hanka sartu behar dugu, ikasi eta hobetu. Eta sortzaileok hori egiten dugun neurrian, aukera berriak zabalduko ditugu, publiko berrietara iritsiko gara… Gazteak gurera, euskarara, gerturatzeko geurea indartu behar dugu, eskaini. Eskaintza zabaldu behar dugula uste dut.
-Non eta noiz dira bilkurak?

Oihaneder Euskararen Etxean abiatu ginen urtarrilaren 18an. Gero Koldo Mitxelena institutuan beste hitzaldi bat burutu genuen, eta hemendik aurrera ditugun datak hauexek dira:

Martxoak 5 – Agurain – Garazi Lopez de Armentia
Martxoak 6 – Mendialdea- Maeztu – Izaskun Urkijo
Martxoak 7 – 19.00tan – Arabako Errioxa- Oion – Zuriñe Hidalgo
Martxoak 9 -Gorbeialdea  Izarra – Izar Mendiguren + Paula Amilburu

Martxoak 17 – ARTgia sorgune & aretoan – Ane Rodriguez Armendaritz.