Gasteizen bi urtetik behin egiten den nazioarteko topaketaren onena jaso dugu.

Uztailean egin da HIGAren (Hizkuntza Gutxitutako Gazteen Topaketa) 4. edizioa; aurtengoa ere oso arrakastatsua. Bost egunetan Oihanederrek 65 hizkuntza gutxitu hitz egiten dituzten 80 pertsona hartu ditu.

Nazioartean erreferente den topaketa honen helburua da hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten gazteen arteko harremanak saretzea, eta bide horretan dabiltza.

Antolakuntzan aritu den Maialen Sobrinoz gain, aurtengo topaketan parte hartu duten beste hiru lagunen hitzak jaso ditugu: Italian bizi den eta erretorromaniera hitz egiten duen Silvia de Martin, Japonian bizi den eta okinawera hitz egiten duen Toshinari Sueyoshi, eta Hondurasen bizi den eta garifunera hitz egiten duen Ana Florentina Santos.