Haur eta gazteen jardueretarako hezitzaileentzako GIDA

Aisian, kirolean, kultur jardueretan eta ikastetxeetako jantokietan euskararen erabilera sustatzeko gida

Arabako gizartea gero eta elebidunagoa da eta 5-16 urte bitarteko arabar biztanleen ia %75a elebiduna da dagoeneko. Baina euskararen erabilera da hobetu beharrekoa oraindik ere, eskola barruan ikasitakoa aisialdian adibidez erabiltzea.

Gaztetxoek aisian aritzen direnean hezitzaile –begirale bat daukate inguruan eta arduradun hau da talde horretan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko giltza.

Horregatik, haurrekin eta gazteekin lan egiten duten hezitzaileen bitartez euskararen ohiko erabilera bultzatzeko xedez (hizkuntza errutinen bidez, kartelen bidez…) Euskararen Foru Zerbitzuak urrats eta aholku sorta dakartzan gidaren bigarren zabalkundeari ekingo dio.

 

Urrats eta aholkuak txertatzeko errazak dira eta kirol, kultura, aisia edota eskoletako jantokietan lan egiten duten hezitzaile edo begiraleentzat egokiak. Helburua, euskararen gizarte erabilera sustatzea.

Uda aurretik Arabako udalekuetan banatu zen begiraleentzat lagungarri izan zedin eta material egokia izan dela ikusita, beste esparruetan ere banatzen hasi da Arabako Foru Aldundia. Hainbat eragileren bitartez ematen ari da 3.000 gidaren bigarren zabalkunde hau ikastetxeetako Guraso elkarteetara, jantokietako arduradunengana eta eskolaz kanpoko ardura daukaten pertsonengana iristeko: Arabako Berritzeguneak, Arabako Euskara Zerbitzuak, Denon Eskola, besteak beste.

Arabako aisialdiko hezitzaileak aktibatu nahi ditu gidak euskararen erabileraren aurrean jarduera eta errutinen bidez, baita hezitzaile bakoitzaren gaitasuna piztea ere, izan ere, gidak heziketa tresnak ematen ditu, adibidez: hizkuntza jokaerak, hizkuntza errutinak, erabilera egoera ezberdinak, hezitzailearentzako jarrera eta jokaera urratsak…

Argitalpena: 3.000 ale; 46 orri. Koloretan. Euskaraz.