Hau ez da jolasa! Hezitzaileen prestakuntza haur eta gazteak euskararen bitartez sozializatzeko

Arabako Euskara Zerbitzuek (AEZ) aisialdi giroko hezitzaileei zuzendutako “Hau ez da jolasa!” ikastaroa abian jarri dute. GEU elkartearekin lankidetzan, hezitzaile elebidunei  euskararen sozializazioan eragiteko tresnak eskainiko zaizkie ikastaro hauetan. Ekain eta uztailean zehar eskaintzen ari dira ikastaroak arabar lurralde osoan zehar eta dagoeneko ehunka begiralek eman dute izena.

2015ean Arabako Foru Aldundiak “Haur eta gazteen jardueretarako gida” argitaratu zuen EBETE hizkuntza zerbitzuekin batera. Orain, 2017an, hezitzaile talde batek sortutako “Hau jolasa baino gehiago da” izeneko gidak osatu du duela bi urte hasitako bidea eta aipaturiko ikastaroekin marko teorikoari egunean-egunean erabiltzeko tresnak eskainiko zaizkio. Dani de Ayala ikastaro emaileak dioenez,  “Aisialdian lan egiten dugunok argi izan behar dugu euskararen erabileran asko eragin dezakegula”, eta bide hori era zuzenean urratzeko hezitzaileen prestakuntza ardatz nagusi bilakatu da aisialdirako programen sozializaziorako bidean.

Arabako Euskara Zerbitzuen emaitza dira ikastaro hauek, azken urteetan abian jarritako ekintza, kanpaina, ekimen, argitalpen eta lantaldekako jardunaren  testuinguruan kokatzen den egitasmoa. [AEZ-en katalogoa ikusteko jo “Zerbitzuen katalogoa” atalera].

Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuak 2017an “Udal eta Kuadrillek euskararen bitartez sozializatzeko programa garatzeko diru laguntzetan”, ezinbesteko baldintzatzat jarri du aisialdi giroko programetako langileek bitartez euskararen sozializatzeko ikastaroa egin izana. Neurri honek bermatu eta ahalbidetu du lurralde osorako ikastaroa hedatzea eta Arabako aisi giroko hezitzaileen gehiengoak ikastaroa egin izana.

Ikastaroaren harrera bikaina nabarmentzekoa izan da. Kuadrilla guztietan eskaini dira ikastaroak, baita Trebiñun ere, eta Kuadrilla askotan ikastaro bat baino gehiago eskaini behar izan dira parte hartzaileen kopuru handia dela eta.

Asko dira ikastaroan lantzen diren gaiak eta tresnak. Hizkuntzarekiko pertzepzioa, hizkuntza egoera jakin batzuekiko erantzunak, esperientziak edo jarrera lantzen dira ikastaroetan, udalekuetako egoera ezberdinei aurre egin eta erabaki zuzenak hartzeko balioko dutenak. Dani de Ayalak dioenez, ”Gure herriko umeak euskaraz geroz eta erosoago sentitu daitezen erabiltzen ditugun estrategiak konpartitzeko aukera izan behar dugu”, eta bide horretatik ekin zaio, hain zuzen, aisialdiak euskararen erabileran duen eragina egonkortzeari. 2015ean argitaratutako gidak ekin zuen bidea eta gutxika aurrerapausoak ematen ari dira aisialdi programen arduradun diren horien prestakuntzan.