Gutun irekia Udalekuetako hezitzaileei

Aurtengo udaren ezohiko izaerak haur eta gazteei zuzendutako ekintzak ere berezi egin ditu. Ohiko egoeran baino gutxiago badira ere, baditugu udaleku, ludoteka, jolas-txoko eta abarrak han eta hemen. Jakin badakigunez, uda garaian euskararen eremu bilakatu dira gune hauek azken urteetan eta berebiziko garrantzia dute haurren ezagutza eta erabileran. Eta garrantzi horren oinarrizko pieza dira bertako begirale eta hezitzaileak, haien esku baitaude haurrek hizkuntzarekiko garatuko dituzten bizipenak. Oraindik arlo honetan lan handia egiteko badugu ere, hainbat ekintza, teorizazio eta material sortu dira azken urteetan, hezitzaileentzako formazio eta baliabide direnak. Aurtengo uda berezi honetan, aurrez aurrekoen gabeziaren aurrean, eskutitz hau helarazi zaie udako ekintzetako hezitzaile guztiei. Bertan haien interesekoak diren material eta formazio tresna ezberdinetarako estekak bildu dira, aurtengo udan ere euskaraz sozializatu gaitezen.