“Gora infernua, eta biba zuek!”

Arabako Kuadrilla bakoitzak du bere euskara zerbitzua. Oraingo honetan, Mendialdeko Kuadrillako Belen Garulo euskara teknikariaren ekarpena dakarkizuegu Euskarabara. Mendialdean martxan jarri duten aisialdi lan-taldearen berri eman digu lerrootan, landa eremuko herri txikien izaera azpimarratuta.


Pagadiri eta Gurrutxagari esker ezagutu dugun esaera zaharrak dionez, “Herri txiki, infernu handi”.

Iritzi orokortua da herri txikiak, programaren izenak dioen bezala, zerbitzu eskasia dagoen eremu bakarti eta itxiak direla, endogamiko samarrak. Hiriburuak, aldiz, paradisuak lirateke, non aukera guztiak eskura izaten dituzten, norbanakoarentzako esparru askeak.

Pentsamolde horren aurrean, Mendialdeko gure eskualdean badugu balizko gabeziei aurre egiten dien ekintzailetza eta bizitasunaren zenbait adierazle. Askotan, bizirik irauten duen auzolan izpiritutik sortuak.

Izan ere, Mendialdea herri txikiz osatutako komunitatea bada, baina infernu izaeratik gutxi du.

Bizimodu erosoa, baloreetan oinarrituta, elkarrekin eta elkarlanean, gizarte aberatsa bultzatzen ahalegintzen dira herritarrak zein erakundeak. Gero eta maizago, ahalegin hori ardura partekatua izan behar dela ulertzen da. Euskaraldiak eskatzen duen bezala, esaterako. Baita aisialdian ere.

Eskualdean, haur eta gazteekin lanean aritzen diren eragileek, Mendialdeko guraso elkarteek eta zenbait arlotako teknikariek (euskara, berdintasuna, ingurumena, kultura), elkarlanean abiatu dute Mendialdeko aisialdi-lantaldea. Behar eta kezka partekatu batetik, haur eta gaztetxoen eta, oro har, familien aisialdirako proposamen anitza prestatu eta ekaina bitartean garatu dute. Funtsean, denbora librean gozamenerako programa ibiltaria burutu dute, euskaraz.

Funtsean hori izan da, baina ez hori bakarrik; aipatutako arloetako helburuek eta balioek egitasmoa jantzi dute. Euskararen normalizazioren erpinetik, euskaraz izan dira jarduerak, lan bilerak euskaraz izan dira –nagusiki-, komunikazioak elebidunez izan dira, eta parte hartze ireki eta zabalari muzin egin gabe, irizpide komuna izan da proposamen horrek euskara izan behar duela oinarri, ardatz.

 

 

Azken urteetan uste izan da euskararen erabilera handitzeko bide emankorrena erakargarritasuna lantzea dela. Haurrekin bereziki, baina baita helduekin ere, euskara lotu da jarduera ludiko eta atseginekin. Ondo pasa behar da euskararen erabilera indartzeko.

Uste izan da, era berean, eskola bazela gizartea euskalduntzeko bidea; behin hizkuntza ikasita berez etorriko zela erabilera. Urtetako esperientziek, ordea, ohartarazi dute ez dagoela lotura ezinbestekorik, eta eskolan jasotako gaitasunak ez dakarrela erabilera berarekin.

Hortaz, bi uste horiek gainditzen saiatu gara Mendialdeko aisialdirako programan. Batetik, jarduera ludiko eta atsegin horietan pausu bat haratago joan nahi izan dugu, eta euskara beharrezkoa egiten hasi, Euskaraldia-11 egun euskaraz dinamikaren oinarri teorikoetara lerrokatuz. Eta bestetik, eskolarekin batera, eskolaz kanpoko zenbait arloren artean ere loturak egin dira, euskararen erabilera indartzeko eta ohikoa bihurtzeko.

Hala ere, badago hobetzeko tarte zabala oraindik, eta, hala, hurrengo ikasturtean hobekuntza horiei erantzuten saiatuko gara elkarrekin elkarlanean.

Hasierako esaerara itzulita eta telebistako programaren amaieran aldarrikatzen dutenez, hau infernua bada, gora infernua eta biba zuek!”